Quincoces, euskal kopan lehen
Euskal Herriko txapelketarako puntuagarrik diren kronoigoeran zein bakarkako probetan nagusi izan da eskiatzaile mendexarra, abantaila nabarmenagaz.Munduko Mendi Eski Txapelketatik indarberrituta bueltatu da Nahia Quincoces. Mendexarrak txapelketa bika...
Euskal Herriko txapelketarako puntuagarrik diren kronoigoeran zein bakarkako probetan nagusi izan da eskiatzaile mendexarra, abantaila nabarmenagaz.
Munduko Mendi Eski Txapelketatik indarberrituta bueltatu da Nahia Quincoces. Mendexarrak txapelketa bikaina egin du Suitzan, eta asteburuan Izaba eta inguruetan egin den Euskal Herriko txapelketarako puntuagarriak izan diren bi probetan ere sasoiko dagoela erakutsi du.Proba irabazteko faborito nagusia zen, eta ez du hutsik egin. Lasterketa borobilak egin ditu; zapatuan eta domekan egindako kronoigoeran eta bakarkako proban lehen postua errepikatu du Euskal Selekzioko eskiatzaileak. Quincocesek egin modura, Iñigo Lariz elgoibartarrak ere lehen postuan amaitu ditu asteburuko bi probak.
Eguraldia ez zen antolakuntzak hasiera batean zituen iragarpenekin bat etorri, eta azken momentuan, Bandres Karolo IV. oroimenezko txapelketako bi etapen ordena aldatu egin behar izan zen. Hala eta guztiz ere, antolakuntzak egindako ibilbide ikusgarrietan gozatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek.
Zapatuan egin zen kronoigoeran elurra mara-mara izan zuten. Lehen eguneko proba polita izan zela nabarmendu du Quincocesek: «Besteak beste, baso polit bat zeharkatu behar izan genuen». 4,5 kilometroko lasterketan barrena, 650 metroko desnibel positiboa igo behar izan zuten partehartzaileek. Izaba herriko plazaren erditik irten eta hasierako metroak korrika egin behar izan zituzten eskiatzaileek. 1,5 kilometro korrika egin ostean, eskiak ipinita amaitu zuten proba.
Elur asko
Kronoigoera amaitzeko 42 minutu eta 27 segundo behar izan zituen, eta bigarren eta hirugarren sailkatuekiko abantaila handia lortu zuen.
Domekan, ostera, banakako probako A ibilbidean parte hartu zuen. Lasterketa teknikoa, luzea eta neketsua izan zen. Hasi orduko, gainera, elurra botatzen ari zuen, baina gero eguraldiak hobera egin zuen. Petretxe jatetxe aurretik irten eta bailarako baso ederretatik lau igoera eta hiru jaitsiera egin zituzten, tartean, 1600 metro inguruko malda positiboak ere gainditu behar izan zituzten.
Banakako proba ere abantaila handiagaz amaitu zuen: 2 ordu, 2 minutu eta 49 segundo behar izan zituen. Mendexarrak adierazi duenez, aurreko gauean nahikoa elur bota zuen, eta horrek hasierako metroetan arazoren bat edo sortu zion. «Elur berria zegoen, eta jaitsiera batzuetan jausi ere egin nintzen pare bat bider. Baso zarratuetatik pasa ginen, eta tartean zuhaitzak saihesten ibili behar izan ginen. Proba benetan polita eta dibertigarria izan zen. Haize hotza ari bazuen ere, ikusleek zintzarriekin berotu zuten giroa».