Iaz baino 400.000 euro gehiagoko aurrekontua aurkeztu du udalak
Aurrekontuaren gehiengoa, 9.926.715 euro udalari bideratuta egongo da. Gizarte Segurantzan egin diren doikuntzen ostean, langilegoaren gastuak zertxobait igo dira10.485.768,50 euroko aurrekontu bateratua aurkeztu du Ondarroako Udalak; iazkoa baino ia 4...
Aurrekontuaren gehiengoa, 9.926.715 euro udalari bideratuta egongo da. Gizarte Segurantzan egin diren doikuntzen ostean, langilegoaren gastuak zertxobait igo dira
10.485.768,50 euroko aurrekontu bateratua aurkeztu du Ondarroako Udalak; iazkoa baino ia 400.000 euro handiagoa (iaz 10.088.383,11 eurokoa izan zen aurrekontua). Gehiena, 9.926.715 euro, udalari bideratua egongo da, eta gainontzeko 559.053.50 euroak Ondarroa Lantzen SAra bideratuko dira.Hain zuzen ere, 2015eko aurrekontua urtarrileko udalbatzan onartu zuten, Bilduren aldeko eta EAJko aurkako botoekin. «Momentu honetan Bizkaiko Aldizkari ofizialean argitaratua dago aurrekontua. Bere aurkako arrazoibiderik ez bada jasotzen, hurrengo egunotan behin betikoa izango da», azaldu du Argia Ituarte Ondarroako alkateak.
Udalkutxatik diru asko
Sarrerei dagokionez, erdia baino gehiago (5.310.000 euro inguru) Udalkutxatik jaso dira. Beste zati bat, ostera, herritarrengandik jasotzen diren zergetatik lortuko da. Ituartek nabarmendu duenez, «aurten herritarrek ez dute zergen igoerarik jasango».
Gastuei dagokionez, ostera, kopururik handiena langileriara bideratuko da, 3.800.000 euro inguru. «Iaztik hona langileria gastuak mantendu egiten dira. Gauza batzuk aztertu ostean, Gizarte Segurantzan doitze batzuk egin behar izan dira. Horixe da igoeraren zergatia». Doitze horiek kontuan hartuta, 200.000 euro inguru gehiago bideratuko dira udal langileei ordaintzera, iaz baino %1,1 gehiago.
Argia, ura, telefonoa, gasa… eta antzeko zerbitzuetan kontratuak berrikusi eta berritu ostean, gastu gutxiago egingo da. Guztira, 3.155.305 euro bideratu dira zerbitzuen gastuetara; 2014an baino 20.285 euro gutxiago.
Interes gutxiago
Bestalde, udalak 2011k eskatutako mailegua iazko superabitagaz amortizatzeko aukera izan zuten. Hain zuzen ere, likidazio positibo hartatik 100.000 euro mailegua ordaintzeko erabili ziren. Horrenbestez, aurten interesetan gutxiago ordainduko du udalak, 17.500 euro inguru.
Amankomunazgoari Ondarroako Udalak ordaintzen diona ere, printzipioz, gutxiago izango da; 171.000 euro gutxiago. «Iaz aurreikuspena goitik egin genuen. Hondakinen bilketa kontratua berritu behar zen. Berritu da, baina ez da egin aldaketa esanguratsurik. Eskualde guztian bilketa organikoa egiteko asmoa zegoen, baina ez denez gauzatu hortxe aurreratuko da».
Ondarroako Udalak 2015erako aurkeztu dituen aurrekontuetan, aurreikusitakoa baino gastu gutxiago izango ditu. Horrenbestez, inbertsioetara bideratzeko diru gehiago izango du. «Finantza gastuetan, kontratuetan eta hondakin bilketara bideratu behar zen dirua, eta aurreko urteetan baino diru sarrera gehiago izan direla kontutan hartuta, iaz baino 544.165 euro gehiago bideratuko da inbertsioetara. Guztira, 1.700.000 euro inguru».
Azpiegituretan inbertsioak
Aurrekontuaren gehiena, herriko kaleak eta udal eraikinak konpontzen inbertitutako da. Kaleei dagokionez, denetara 901.938,78 euro inbertituko dira; eta diru kopuru gehiena, Iparkale eta Iturribarri konpontzen erabiliko dira. Udalak iaz hasitako konponketa planagaz jarraituko du: Iparkaleko beharretan 219.760,30 euro eta Kamiñazpi 13-21 ingurua urbanizatzeko 164.130,48 euro bideratuko ditu.
Auzoak berritzeaz gain, kaleak asfaltatzen ere nahikoa diru inbertituko da. Guztira, 35.000 euro; batez ere, Kamiñazpi auzoa eta Txori Erreka inguruak asfaltatuko dira kopuru horrekin.
Udal eraikinei dagokionez, hainbat gauza berritu edo hobetuko dira. Alde batetik, Kantoipe kalean lehen Arriola denda zegoen lokalean, ludoteka egiten ari da udala. Horretarako, 110.000 euro bideratu dira. Horrez gain, handik metro gutxira dagoen kontu-hartzailearen lokalean ere egokitzapenak egiteko 115.000 euro erabiliko dira.
Era berean, Artibai egoitzan igogailua berritzeko 124.810,86 euro eta Zaldupe ikastetxeko teilatua eta jolastokia zarratzeko 151.000 euro.
Bestalde, lau fase izango dituen plan orokorra martxoan onartzea aurreikusten du udalak. Lehen fasea 2015ean hasiko da martxan, eta horretarako 50.000 euro egongo dira.