Urak, kudeaketa ere, gardena behar du
Uraren gaia herritarrekin partekatzeko eta esperientzia desberdinak ezagutzeko jardunaldiek hainbat ondorio utzi dituzte; besteak beste, ura ondare bat dela, eta ezin dela merkantzia bihurtu.Uraren gaiak agenda politikoan egon behar du, eta, horretarak...
Uraren gaia herritarrekin partekatzeko eta esperientzia desberdinak ezagutzeko jardunaldiek hainbat ondorio utzi dituzte; besteak beste, ura ondare bat dela, eta ezin dela merkantzia bihurtu.
Uraren gaiak agenda politikoan egon behar du, eta, horretarako, ezinbestekoa da eztabaida politikoa». Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentearen berbak dira, eta, besteak beste, helburu hori zeukaten barikuan eta zapatuan egin zituzten jardunaldiek. Bariku iluntzean Nestor Basterretxea aretoan egindako solasaldiagaz inauguratu zituzten jardunaldiak. La guerra del agua en Bolivia-Cochabamba dokumentala oinarri hartuta, uraren gaietan adituak diren eta elkarte zein fundazioetako kide Pedro Arrojo eta Jaime Morell herri mobilizazioak uraren gaian duen garrantziaz aritu ziren. Indarra izan baduela azaldu duten, eta Morellek, gainera, Bolivia-Cochabamban berak bizi izandakoan oinarritu zuen bere berbaldia. Hain zuzen, azaldu zuen ura pribatizatzeko saiakerari aurre egiteko herria atxatu egin zela, eta horrek eragin zuela Gobernuaren porrota. Aipatu zutenez, gainera, herri mugimenduek hainbat herrialdetan uraren pribatizazioa debekatzea ekarri dute; Italian edota Holandan, esaterako.Nazio Batuen Erakundeak (NBE) onartua du ura eta saneamendua oinarrizko eskubideak direla; beraz, ezin da merkantzia legez erabili.
«Bertatik bertara»
Asteburuko jardunaldietan ateratako ondorioetako bat da hori. Baina ez da bakarra. EKOPOL EHUko ikerketa taldeak egindako txostenaren aurkezpena ere egin zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Astran, eta osteko mahai inguruan parte hartu zuen talde horretako kide David Hoyosek. Mahaikide izan zituen Geologian doktore eta Geodinamikan katedradun Iñaki Antiguedad, eta ur partzuergoko presidente Iratxe Arriola bera ere. Azken horrek azaldu zuenez, mahai ingurura gonbidatu zituzten, baita, URAko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak ere; hala ere, ez ziren Astrako eztabaidan egon. «Eztabaida politikorako aukera paregabea izan dute, baina ez etortzeak agerian utzi du horien kultura demokratikoaren falta». Arriolaren ustean, argi utzi dute zenbait gai elite baten bulegoetan eztabaidatzea nahiago dutela, «herritarrei informaziorik eman gabe».
Hala, jardunaldietan ateratako beste ondorio bat da uraren kudeaketa arroan bertan egin behar dela, «Busturialdean, bertatik bertara». Ingurune naturalarekiko ahalik eta kudeaketarik hurbilena egin behar dela deritzote.
Europako zuzentaraua
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren 2006ko Uraren Legeak Europako zuzentaraua ez duela betetzen ohartarazi dute jardunaldietan parte hartu dutenek. «Uraren Europako zuzentarauaren helburu nagusia da 2015erako ur-azaleko zein lur-azpiko uren kalitatea ona izatea». Horretarako bitarteko bat da kosteen errekuperazioa; baina Jaurlaritzak horren interpretazio hertsia egin duela uste dute adituek: «Jaurlaritzak, kosteen errekuperazioa interpretatzerakoan azpiegituretarako inbertsioen amortizazioa bakarrik hartzen du kontuan».
Bestalde, zapatu arratsaldean gizarte mugimenduen ahotsa entzun zen Astran: ATTAC España eta Red de Agua Publicako ordezkariek beraien borrokak azaldu zituzten, eta Nafarroako kanalaren gorabeherak antzezlan bategaz azaldu zituzten.
Urak publikoa izan behar du, baita kudeaketak ere. Ur eta saneamendu azpiegituretarako inbertsioak diru publikoagaz egin izan dira orain arte, eta, beste ondorioetako bat da horrela jarraitu behar duela izaten, «hori baita zerbitzu publiko baten funtsa»