Mendebaldeko Sahararen «deskolonizazioa» eskatuko du Gernikako Udalak
Mozioa aurkeztu du EH Bilduk eguaztenean egin zuten osoko bilkuran, eta aho batez onartu dute alderdi denekNazio Batuen Erakundeak 70 urte beteko ditu aurten, eta Espainiak Mendebaldeko Sahara «bazter batera utzi» zuenetik 40 urte igaro direla gogora...
Mozioa aurkeztu du EH Bilduk eguaztenean egin zuten osoko bilkuran, eta aho batez onartu dute alderdi denek
Nazio Batuen Erakundeak 70 urte beteko ditu aurten, eta Espainiak Mendebaldeko Sahara «bazter batera utzi» zuenetik 40 urte igaro direla gogora ekarri du EH Bilduk. Gauzak horrela, Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeke dagoen lurralde ez autonomoa dela eta Marokoren okupaziopean jarraitzen duela gogoratu du. Hala, Espainiako Gobernuari «deskolonizazio prozesu horri amaiera emateko» eskatzeko asmoz, Gernika-Lumoko osoko bilkurara eraman du gaia, eta koalizioak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen Gernika-Lumoko udalbatzak, eguaztenean.EH Bilduren mozioaren arabera, Nazio Batuen Erakundeek eta bere estatu kideek daukate deskolonizazio kontuetan «erantzukizun nagusia»; eta bidezko eta behin betiko konponbideen bilaketaren erantzukizuna, berriz, Segurtasun Kontseiluak.
Erreferenduma
2015-2016 agintaldian Espainiako Gobernua da Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkor, eta, horrenbestez, berari eskatu diote Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuari amaiera emateko; alegia, bere erantzukizuna «premiaz» betetzeko eskatu diote, «horretarako, herri sahararraren borondatearen adierazpen libre eta benetakoa ziurtatuko duen erreferenduma eginez».
Halaber, deskolonizazio eta lurralde ez autonomoen kontuetan Nazio Batuek finkatutako doktrina babesteko eskaria ere egingo dio Gernika-Lumoko udal gobernuak Espainiako Gobernuari.
Ardura eske
Azkenik, Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioari konpetentziak esleitu diezazkioten ardura hartzea exijitu diote Espainiako Gobernuari; hartara, «mendebaldeko Saharako biztanleen eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak babes eta sustatu ditzan».
Gernika-Lumoko osoko bilkurak aho batez onartu duen mozio hori Espainiako errege-erreginen bizilekura, Espainiako Gobernuko presidentziara, Kanpo-arazoetarako Espainiako Ministeriora eta Nazio Batuen Espainiako Misio Iraunkorrera bidaliko dutela jakitera eman dute.