Kondor Legioari buruzko hitzaldia eta erakusketa egingo dira
Ondarroako Historia Zaleek antolatuta, Kondor legioa: nazien bidegabekeria, iragana eta oraina berbaldia egingo da Kofradia Zaharrean bihar, 19:00etan. OHZko kideek, BASKale eusko-alemaniar elkarteko kideek eta CEAQUA plataformako kideek parte hartuko ...
OHZko kideek emango diote sarrera hitzaldiari. «Garai hartako testuinguru historikoa nolakoa zen azalduko dugu. Besteak beste, 36ko gerran zertzuk pasa ziren gogora ekartzeko aukera izango dugu. Ondarroan, esate baterako, 1936ko urrian sartu ziren frankistak».
Berbaldira hurbildutakoak testuinguru historikoan jarri ostean, BASKale elkarteko kideek Kondor Legioa zelan sortu zen azalduko dute. Era berean, frankismo garaiko hilketen inguruan berba egiteko aukera izango dute CEAQUA plataformako kideek.
Apirilaren 6ra arte
Bestalde, Kofradia Zaharrean apirilaren 6ra bitartean, Kondor Legioaren jatorria eta bilakaera historikoa ezagutzeko aukera emango duen Legion Condorrek eragindako suntsipenak Euskal Herrian- 36/37ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina erakusketa egongo da.