Mutrikuko Udalak bi aurreproiektu aurkeztu ditu

Ezkerretik eskumara, Jose Migel Toledo, Joseba Palenzuela eta Pedro Azkue udalaren egitasmoen aurkezpenean
Egindako azterketa berriaren arabera, kostua laurdenera jaitsiko litzateke. Pedro Azkueren ingeniariaren esanetan, lehendik dagoen errepidea ahalik eta gehien aprobetxatu beharko litzatekeAzkuek egindako azterlana eta gero, egitasmoa merkeagoa izan daitekeela aipatu zuen ingeniariak. “Beste irizpide batzuk kontutan edukita, nire ustez, proiektua gauzatzea posible da. Egin ditudan kalkuluen arabera, 20 milio euro inguruko aurrekontua beharko litzateke; hasieran proposatutakoaren laurdena”. Ingeniariak, gainera, proiektua zazpi zatitan planteatu du. “Nire ustez, zatika planteatuta, gauzatzeko aukera gehiago ditu”. Azkueren iritziz, egitasmoa bideragarria egiteko “errepideak nahitaez ahalik eta gehien aprobetxatu” beharko lirateke. “Hasierako egitasmoa merketzea posible da beste irizpide batzuekin. Proiektu zaharrak errepide berri bat egitea aurreikusten zuen, eta ez zuen ezer aprobetxatzen. Kostuak merketzeko ahalik eta errepide gehiena aprobetxatu beharra dago; gerokoan, bihurguneak hobetu eta bidea zabaldu beharko dira”. Debara arteko oinezkoen pasealekua Era berean, Turruntegi eta Arbe artean egin nahi den espaloiaren aurreproiektuaren berri ere eman zuten. “Aldundian dirua egon daitekeenean, proiektua mahai gainera ateratzeko moduan eduki nahi genuen, eta lanak hasteko moduan laga”, azaldu zuen alkateak. Asmoa Debara arte iritsiko den oinezkoen pasealekua egitea baldin bada ere, Turruntegi eta Arbe batuko lituzkeena azaldu zuen Martuarte enpresako Jose Migel Toledo arkitektuak. Aurreproiektua hiru zatitan gauzatu beharko litzatekeela adierazi zuen arkitektuak. Lehen fasean, Turruntegi eta Alkolea arteko 350 metro batzeko, 680.000 euroko aurrekontua beharko litzateke. Bigarren fasean, Alkolea eta Arbe batzen zituen 600 metroetan, bi aukera zeudela nabarmendu zuen. Alde batetik, errepidea orain dagoen bezala jarraitzea, eta bestetik, tunel bat egitea. Lehen aukeraren aurrekontua 1.175.000 eurokoa izango litzateke, eta bigarrenarena, 2.350.000 eurokoa. Bigarren aukera askoz garestiago suertatzen baldin bada ere, abantailak gehiago zirela nabarmendu zuen. “Inguru horretan tunela egingo balitz, orain bihurgunea dagoen toki guzti hori oinezkoentzat izango litzateke. Tunela egitea merezi duela uste dugu”. Azkenik, Arbetik Arrilabaingo faseak 500.000 euroko aurrekontua beharko zuela adierazi zuen Toledok.