Zerbitzuetarako eraikin bat egingo du foru aldundiak Aritzatxun
Sorospen eta salbamendu zerbitzuak eta komun publikoak jarriko dituzte. Ekainean hondartza denboraldia hasten denerako, prest egongo dela azaldu dute aldundikoek olaia zabalondoBizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Aritzatxu hondartzan zerbitzuetarako eraik...
Sorospen eta salbamendu zerbitzuak eta komun publikoak jarriko dituzte. Ekainean hondartza denboraldia hasten denerako, prest egongo dela azaldu dute aldundikoek olaia zabalondo
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Aritzatxu hondartzan zerbitzuetarako eraikin bat eraikitzeko erabakia hartu zuen atzoko Gobernu Kontseiluan. Bermeoko Udalagaz hitzarmena sinatuko dutela jakinarazi dute, eraikin hori egiteko.Egurrezko etxola bat izango da, hain zuzen ere, Aritzatxu hondartzan eraikiko dutena. Eraikin hori sorospen eta salbamendu zerbitzuentzako postua izango da, eta, bestalde, hondartzako erabiltzaileentzako komun publikoak jarriko dituztela aipatu dute.
Denboraleak suntsituta
2014ko otsaileko eta martxoko denboraleek Aritzatxun zegoen eraikina suntsitu zuten. Ondorioz, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko eraikinik barik geratu zen Aritzatxu. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren ustez, «hondartzako erabiltzaileei zerbitzu publiko onak eta prebentziozko zerbitzu onak emateko, beharrezkoa da beharrizan horietara egokituta dauden lokal eta instalazio finkoak egotea».
Hala, epe laburrera egurrezko etxola hori egiteko lanak hasiko dituztela azaldu dute aldundikoek; izan ere, hondartza denboraldia hasten denerako prest eduki gura dute.
10,20 metro koadroko azalera erabilgarria izango du Aritzatxun eraikiko duten azpiegiturak. Emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako komunak, erakusmahai bat eta terraza bat egongo direla iragarri dute. Foru aldundiak 60.475,82 euroko inbertsioa egingo du horretarako.
Azaldu dutenez, legeak ezartzen duenaren arabera, udalen eskumena da hondartzak eta bainurako leku publikoak behar bezalako baldintzetan mantentzea, garbitasunari, osasungarritasunari eta segurtasunari dagokienez. «Hala ere, aldunditik lurralde osoko elkartasuna eta zerbitzuen kalitatea bateratzearen alde egiten dugu».