«Herritarrek egin behar dute Ueman sartzeko eskaera»
Gernika-Lumo herri euskalduna dela eta Ueman egoteko baldintzak betetzen dituela uste du EHEk. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina hasi du herrian.Uemaren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) aldeko kanpaina martxan da Gernika-Lumon. Euskal Herria...
Gernika-Lumo herri euskalduna dela eta Ueman egoteko baldintzak betetzen dituela uste du EHEk. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina hasi du herrian.
Uemaren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) aldeko kanpaina martxan da Gernika-Lumon. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak bultzatuta, Uema herritarrengana eta herritarrak Uemara hurbiltzea du helburu. Lan horretan dabil EHEko kide Pernan Basterretxea (Gernika-Lumo, 1968).Zerta datza esku artean duzuen kanpaina?
Sentsibilizazio kanpaina bat da, herritarrei ezagutzera emateko Uema zer den eta Uema barruan zenbat herri dauden. Horrez gain, Uemaren baitan izateak euskalduntze prozesuan zer suposatzen duen eta Gernika-Lumori zer suposatuko liokeen ere azaldu gura dugu. Horretan datza orain eskua artean dugun dinamikak. Azken finean, gure helburua da Gernika-Lumo ere Ueman sartzea.
Baldintzarik ba al dago horretarako?
Uema barruan sartzeko baldintzetako bat da biztanle denetatik kopuru zehatz bat (%70 gutxienez) euskaldunak izatea, eta Gernika-Lumok betetzen du baldintza hori. Uemagaz eta Uemako teknikariekin kontrastatu dugun datua da. Beraz, gure herria ere Uema barruan izateko baldintzak ditu, eta hori zabaldu gura dugu.
Horretarako, zein pauso eman dituzue?
Kanpaina herrira zabaltzeko erakusketa bat antolatu genuen orain hilabete batzuk, Astran. Orain, Uemaren irudia eta azalpen labur bat duten kartelak ari gara zabaltzen, herritarrengana apurka-apurka heltzeko. Sentsibilizazioa da orain landu gura duguna.
Eta aurrera begira, ezer zehatzagorik pentsatuta al duzue?
Bai, herritarrak eurak inplikatzea, eta herritarrak eurak izan daitezela udalari herria Ueman sartzeko eskaera egingo diotenak. Hori da gure helburua.
Beraz, EHErengandik beharrean, eskaera hori herritik eta herritarren aldetik sortzea duzue helburu.
Bai, hori da. Euskaltzaleak diren herritar euskaldunak izan daitezela udalera jo eta Ueman sartzeko eskaera egingo diotenak.
Noizko aurreikusten duzue?
Eskaera hurrengo agintaldian egitea litzateke asmoa. Gure asmoa da pare bat hilabete barru-edo herritarrengana hurbiltzea.
Eta nola egingo duzue herritarrak eurak izateko eskaria egingo dutenak?
Buzoiak jarriko ditugu leku zehatzetan, eta buzoi horien berri ere emango dugu. Gainera, kalean egoteko asmoa dugu, sinadurak batzeko. Eta Interneten ere eskegiko dugu sinatzeko orria, gero, norberak buzoian sar dezan. Erraztasunak eman nahi dizkiegu herritarrei.
Sinadura kopuru zehatz bat baduzue?
Ez. Sinadurak batzen hasiko gara, eta kopuru bat markatuko dugu. Hala eta guztiz ere, ahalik eta sinadura gehien batzea izango da gure helburua, Gernika-Lumoko Udalari eskaera hori egiteko. Dena den, espero dugu agintariek borondate politikoa izatea Ueman sartzeko, herritarrek eskaera hori egin gabe ere.
Zer eskainiko lieke Uemak berak Gernika-Lumori eta gernikarrei?
Uema, azken finean, Euskal Herri euskaldun baten aldeko arnasguneen bilgune bat da. Hau da, euskaraz bizi diren guneen bilgunea. Gaur egun 69 herri daude Ueman, Hego Euskal Herrian. Busturialdeko lau herri daude gaur egun Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean: Muxika, Busturia, Bermeo eta Ajangiz. Bizkaian, guztira, hamazortzi. Herri horietan, euskarak gaztelaniak zuen lekua berreskuratu du. Herritarrei dagokienez, laguntza eskaintzen die benetan euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainak egiteko. Herrietako euskalgintzagaz, alfabetatzean eta euskalduntzean lan egiten duten AEKgaz edota udal euskaltegiekin ere lan egiten du, euskalduntze kanpainetan laguntzeko. Oro har, herrian euskaraz bizitzeko eta lan egiteko laguntasuna ematen du, bai arlo publikoan zein pribatuan.
Beraz, erakunde publikoengan ere eragina izango luke.
Bai, Uemak, azken finean, eragina du udaleko barne zein kanpo mailako ekintza guztietan: kontratazioetan, diru laguntzetan… Uemaren lana da udalerri hori euskara hutsez bizi dela bermatzea. Hori da helburua, eta gero eta gehiago izan daitezela Euskal Herrian euskara hutsez bizi diren udalerriak.
Euskara normalkuntzarako politikak baditu Gernika-Lumok. Zergatik uste duzu Uemaren barruan egon beharko litzatekeela?
Egia da euskararen aldeko politikak martxan dituela Gernika-Lumoko Udalak, eta zentzu askotan euskaraz funtzionatzen duela. Horiek guztiak abantailak dira, lan bat egina dauka dagoeneko. Horregatik diogu Uemaren barruan egon beharko litzatekeela. Borondate politikoa ere beharrezkoa da, eta gaur egun hori ere badagoela esango nuke. Lan handia egina dago, eta Uema barruan egoteko aukerak baditu Gernika-Lumok.