Aldarrikapenak morez tindatuko dira jendartean
Martxoaren 8a ospakizun egun batetik haratago doan data bilakatu da. Mende bat baino gehiago pasatu da eguna ospatzen hasi zenetik, baina, oraindik orain, emakumearen eskubideak urratu egiten dira.Morea koloreko aldarrikapenez beteko dira hurrengo egun...
Martxoaren 8a ospakizun egun batetik haratago doan data bilakatu da. Mende bat baino gehiago pasatu da eguna ospatzen hasi zenetik, baina, oraindik orain, emakumearen eskubideak urratu egiten dira.
Morea koloreko aldarrikapenez beteko dira hurrengo egunotan Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko kaleak. Beste urte batez ere, berdintasunaren aldeko aldarrikapena kalera aterako dute herritarrek.Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira, ekintza andana antolatu dute talde feministek, elkarteek, udalek eta bestelako eragileek. Eztabaidak, berbaldiak, irteerak, proiekzioak, musika emanaldiak, tailerrak, bazkariak, erakusketak, mobilizazioak, festak… Denetarik egiteko aukera izango dute herritarrek, denak ere aldarri beragaz: burujabetza feminista.
Talde berriak
Borroka feminista aldarrikatzeaz gain, talde feminista berriak ezagutzeko aukera egongo da hurrengo egunotan. Etzi, esate baterako, Asunek Gernika-Lumoko talde feministak jendaurreko aurkezpena egingo du, Astran.
Berritasunekin jarraituz, gaur iluntzean Berriatuko Berdintasun Plana aurkeztuko dute Zentrala kultur elkartean. Era berean, Mutrikuko Emakumeak Mutrikun Abixan taldeak Emakume Astea antolatu du, estreinako.
Bestalde, Onintza Enbeitaren zuzendaritzapean, Muxikako hainbat emakume han eta hemen antzezten ibiliko dira. Martxoaren 8rako propio prestaturiko Errautsetatik erne antzezlana estreinatuko dute, bihar, Muxikan. Antzezlanean adin guztietako 60 umek eta emakumek parte hartuko dute. Horrez gain, Muxikako 39 emakumek Gure etxe bakarra antzeztuko dute Berriatuan, hilaren 18an.
Tailerrak eta ikastaroak
Aurreko urteko ohiturei jarraituz, II. Martxa Morea egingo dute bihar, Lekeition. Hainbat emakumek helburu beraren inguruan egingo dute ibilbidea. Korrika, oinez, patinetan zein bizikletaz, denak kolore morea nonahi zabaltzen ibiliko dira.
Kortezubin, ostera, Santimamiñeko kobak era berezian bisitatzeko aukera egongo da. Ordu eta erdi inguruko bisitan, emakumeek historiaurrean izan zuten garrantziaz jabetzeko aukera egongo da. Hain zuzen ere, haiek historiaurreko jendartean izan zuten protagonismoa aztertuko da.
Horrez gain, emakumeen inguruko hainbat erakusketa egingo dira bertoko herriotan. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan Gernika, emakumeak XX. mendean: ahotsak eta bizipenak erakusketa ikusteko aukera egongo da; eta Ondarroan Emakume esanguratsuen erakusketa egingo da, Etxelilan.
Tailer eta ikastaro interesgarrietan parte hartzeko aukera ere eskaintzen dute hurrengo asteek. Bermeon, bihar, defentsa pertsonaleko ikastaroa egingo da, eta Gernika-Lumon, Mikromatxismoari buruzko tailerra emango dute hilaren 28an.