Geoparkearen IV. astean ireki zuten Geoparkearen gunea. Asier Hilario (Tolosa, 1977) interpretaziorako espazio berriari buruzko bitxikeriez eta berritasunez aritu da. Debako turismo bulegoa irekita dagoen ordutegian,
Geoparkea modu «kontzentratu» batean ikusi ahalko da.
Asier Hilario Geoparkeko zuzendaria. Argazkia: Geoparkea
Zergatik sortu zenuten Geoparkearen gunea?
Geoparke guztietan derrigorrezkoa da Geoparkearen gunea deritzona egotea.
Zer da Geoparkearen gunea?
Txoko txiki bat da. Bertan azaltzen dira gure Geoparkeko balio nagusiak. Aldi berean, beste Geoparkeen irudi batzuk ere agertzen dira.
Zer Geoparkeren irudiak aurkitu ditzake gunea bisitatzen duen bisitariak?
Geoparkeen Europako sarean 58 Geoparke daude. 58 argazki ia ezinezkoa da jartzea, eta nolabait horien aukeraketa bat egin dugu.
Ze aukeraketa egin duzue?
Gure kasuan, bederatzi argazki jarri ditugu. Besteak beste,
Azoreseko (Portugalgo errepublika) Geoparkearen oso argazki ikusgarri bat jarri dugu sumendi batekin, Islandiako sumendi bat ere jarri dugu oso ikusgarria dena, sumendi aktiboa da, gainera. Horiez gain, gure labarren oso itxura handia duen
Burren and Cliffs of Moher Irlandako geoparkeko irudiak eta Ingalaterrako beste Geoparke bateko irudiak ere ikus daitezke. Alemaniako
Vulkaneifel Geoparkeko irudiak eta
Bergstrasse-Odenwald Geoparkeko irudi ikusgarriak ere Geoparkearen gunean daude. Horrez gain, Austrian Alpeetan dagoen
Carnic Alps Geoparkeko irudiak ere ipini ditu. Gure lurraldetik gertuago dauden beste Geoparke biren argazkiak ere jarri ditugu.
Zeinenak?
Ordexako bailarako eta Andaluzian Cabo de Gatan dagoen Geoparkeko argazkiak ere ageri dira. Horrez gain, gure
Geoparkea nazioarte Geoparkeen sarean eta
Unescoren babespean dagoela esaten duen testu txiki bat ipini dugu.
Argazkiez gain, beste zerbait ikusteko aukera izango dute gunea ikustera doazenek?
Bai, noski. Argazkiez gain, gela handi batean, bideo gela bat ipini dugu, pantaila batekin. Bertan Geoparkean landu ditugun ikus-entzunezko bideoak ikusi daitezke. Jendea hona etortzen denean, bideoak ikusteko aukera izango du. Bost minutu inguruko sustapen bideoak dira.
Amonite bat
Horrez gain, Geoparkeko gauza bitxiak ere erakusteko aukera ere izango duzue, ezta?
Hori da. Modulu horren albo batean, beira-arasa batzuk ipini ditugu. Bertan, Geoparkeko nolabaiteko altxorrak ikusteko aukera dago.
Ze altxor?
Adibidez, Mutrikuko ammonite erraldoi bat bat ikus dezakegu.
Mutrikuko Nautilus museoan aurki ditzakegun antzerako bat da. Hori bai, kasu honetan jendea harrituta utziko du, duen tamainagatik. Horrez gain, flysch-ean aurki daitezkeen eta Deban oso ezagunak diren septarea bitxiak ere ikus daitezke.
Nolakoak dira septareak?
Noduluak dira, hau da, harri biribilen antzerakoak. Erditik irekitzerakoan, kaltzitaz betetako barru oso polita ikus daiteke. Horrelako lau jarri ditugu; bat erditik moztuta. Lau septareez gain, flysch-ean aurki ditzakegun iknofosilak deitzen direnak ere ikus daitezke.
Zer dira iknofosilak?
Animalia batek bere garaian, ur azpian arrastaka mugitzerakoan utzi zituzten arrastoak dira. Ez da fosil bat, baizik eta arrasto bat. Hainbat motako arrastoak jaso ditugu Zumaian, eta horiek jarri ditugu erakusgai. Horiek guztiak flysch-arekin zerikusia duten piezak dira.
Beste zer ikus daiteke?
Barnealdeko edo karst-ean aurkitu daitezkeen bitxikeriak.
Karst-ean zer aurki genezake?
Barnealdera joaten bagara, Geoparkeko barnealdeko mendiak kareharrizkoak dira. Kareharri horiek duela 100 milioi urte sortu ziren gutxi gorabehera. Garai hartan itsaso tropikal bat zegoen, eta koralezko arrezife handiak sortu ziren. Lasturko harrobiko kareharriak dira hain politak. Harrobiko toki konkretu batean, koral hauek oso ikusgarri ikusi ditzazkegu.
Hain ongi ikusten al dira?
Nahikoa ondo. Harri horren zati bat atera, eta kubo perfektu bat egin dugu gerokoan. Barruan korala nahikoa erraz antzematen daiteke.
Barnealdeko beste ezer agertzen al da erakusketan?
Kareharri horiek azkenengo milaka urteotan euri urarekin disolbatu egin dira, eta kobazuloak sortu dira. Gure inguruan kobazulo pila bat daukagu. Kobazulo horietan estalagmitak eta estalaktitak daude. Estalagmitetan, beti gora hazten diren horietan, horietako bat erditik mozten baldin baduzu hazkunde eraztunak ikusi ahal dira. Horrek kobazulo kanpoan egon diren klima aldaketak adierazten dizkigu.
Estalagmita erakusgai duzue?
Bai. Metro bat luzera duen estalagmita bat zeharka moztu eta hazkunde eraztunak ikusteko moduan ipini dugu. Egia esan, inork ez du ikusi normalean estalagmita bat barrutik. Horrelako zerbait egingo den lehen aldia izango da. Bukatzeko, niri gehien gustatzen zaizkidan piezak ikus daitezke.
Zeintzuk?
Lehenengo aldiz Praileaitzeko zintzilikairuaren eta Venusaren erreplika bat ikusgai jarri dira Geoparkearen gunean. Erreplika perfektuak jarri ditugu. Biak ere oso pieza ikusgarriak eta bereziak dira. Zintzilikairuak, esate baterako, hamalau pieza ditu.
Zenbat urte ditu zintzilikairuak?
Originalak 15.000 urte dituela kalkulatzen da. Pieza bakoitzaren gainean marrazki txiki batzuk dauzka eginak. Horiek ere oso ondo marraztuta daude. Nolabait, garai hartan kobazulo konkretu batzuetan aktibitate berezia izan zutela esaten digu. Hain ezaguna izan den zintzilikairu eta Venus hori lehenengo aldiz ikusi daiteke gure gunean.
Horrez guztiak gain, zer ikusi ahal du bisitariak?
Azkenik, Debako turismo bulegora hurbiltzen den bisitariak Geoparkearen balio nagusiak deritzona ere ikusteko aukera izango du. Hiru bloke handitan banatu ditugu.
Ze hiru bloke?
Gure lemarekin banatu ditugu blokeak:
flysch, karst eta experience. Bloke bakoitzean argazki ikusgarriak jarri ditugu, mezu zuzen eta erakargarriekin. Honen guztiaren helburua, bisita motz batean Geoparke batean zaudela konturatzea da, Geoparke bat mundu mailako sare baten barruan dagoela eta gure Geoparkeak dauzkan paisaia eta balio nagusiez ohartzea.