Oroimen historikoa berreskuratu nahi dute Gautegiz Arteagan
Hitzaldia emango du Javier Buces Aranzadiko historialariak gaur, 19:00etan, udaletxean. 36ko Gerra eta Lehen Frankismo garaian herrian gertatutakoa ikertuko du Aranzadik1936. urtetik 1945. urtera Gautegiz Arteagan gertatutakoa ikertuko du Aranzadi Zien...
Hitzaldia emango du Javier Buces Aranzadiko historialariak gaur, 19:00etan, udaletxean. 36ko Gerra eta Lehen Frankismo garaian herrian gertatutakoa ikertuko du Aranzadik
1936. urtetik 1945. urtera Gautegiz Arteagan gertatutakoa ikertuko du Aranzadi Zientzia Elkarteak, udalak eskatuta. Hain zuzen, 36ko Gerraren eta Lehen Frankismoaren garaian herrian eman ziren giza eskubideen urraketak ikertu gura dituzte. Biktima guztiak identifikatzea litzateke asmoa, eta lan horretan ariko da Javi Buces historialaria: «Biktima guztiak identifikatzea litzateke gure asmoa; hildakoak zeintzuk izan ziren, errepresaliatuak, frontean fusilatu zituztenak, erbesteratutakoak…». Historia orokorra ezagutzera ematen dela dio Bucesek, ez, baina, herri txikietan gertatutakoari buruz. «Ez dakigu ezer, ez delako askorik ikertzen». Ikerketa bertsua Tolosan, Azpeitian eta Leioan egin du Aranzadik; baina Gautegiz Arteaga izango da herri txikien artean lehena. «Gerra sasoiko eta frankismo garaiko konpentsaziorik ez dute izan herritarrek, eta, agian, dagoeneko ezinezkoa da. Baina oroimena berreskuratu dezakegu, herrian gertatutakoa ahaztu ez dadin».Historia ezezaguna
Herriko historian ezjakinak direla uste du Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek, eta garai hartan gertatutakoari buruz gaur egungo biztanleek ezer gutxi dakitela. «Gure herrian ere jendea fusilatu zuten, eta Gernika bonbardatu zutenean bonbak jaurti zituzten Gautegiz Arteagan ere». Oroimena berreskuratzeko sasoia dela uste du Naberanek: «1987an, alkate nintzela, sortu zitzaidan lehenengoz herriko historian ikertzeko gogoa. Hala ere, goizegi ez ote zen zalantza sortu zitzaidan. Orain, aldiz, berandu ez ote den zalantza daukat».
Urtebete emango du Aranzadiko historialari Javi Bucesek artxiboetako informazioa eta herritarren testigantzak batzen. Horri buruzko informazioa gaur emango du, 19:00etatik aurrera, udaletxean. Gainera, oroimenaren bulegoa zabalduko dute. Martxoan, 11:00etatik 14:00etara bitartean eta 17:00etatik 19:30era bitartean egongo da zabalik barikuro, herritarrengandiko informazioa eta dokumentazioa jasotzeko.
Herritarren ahotik
Informazioa jasotzeko, artxiboetara joko du Aranzadik: artxibo estataletara, lokaletara eta artxibo militarretara. Naberanek gogorarazi duenez, «Salamancako artxibo militarrean dago, esaterako, garai hartan Gautegiz Arteagako Batzokiko ikurrina zena, eta herriarentzat berreskuratu nahiko genuke».
Baina artxiboetan ezin daiteke historia guztia jaso. Hori dela eta, herritarrak animatu gura dituzte ikerketan lagun dezaten. Hala ere, askok oraindik kontatzeko beldur direla dio Bucesek: «Bizi izandakoak beraiekin gordetzen dituzte, baina beraiek dira historiako pasarterik garrantzitsuenak dakizkitenak».
Historialariak dioenez, herritar askok berari kontatzen diote lehenengoz 36ko Gerran edo Lehen Frankismoaren garaian bizi izan zutena; «sarritan, gainera, familiakoren bat edukitzen dute ondoan elkarrizketa egiten ari garen bitartean, eta senide hori ere harritu egiten da haren berbak entzutean. Gerra bizi izan zuten askok ez dute etxean ezer kontatu».
Justizia eta erreparazioa
Gertatutakoaren egia azaleratzeak justiziarako eta erreparaziorako bidea zabal dezakeela dio historialariak. «Horiek ez dira gure eskumenekoak, baina egia ezagututa, justizia eta erreparazioa eska dezakete herritarrek horretarako eskumena daukaten erakundeetan».
Ikerketa egin ostean, udalak erabakiko du liburua argitaratzen duen.