Urtebete baino gehiago itxita egon ostean, barikuaz [martxoak 6] geroztik oinezkoentzat irekita dago Ondarroako plai musturra. 2014ko otsailaren 2ko itsas denboralearen eraginez, txiki-txiki eginda geratu zen plai musturra, eta konpontzeko hainbat hilabete behar izan dituzte.
Konponketa lanak 2014ko uztailean hasi zituen Eusko Jaurlaritzak, eta Comsa enpresak gauzatu ditu; milioi bat euro inguruko kostua izan dute.
Ondarroako plai musturra
Herritarrek poz handiagaz hartu dute Arrigorri hondartza alboko pasealekua ireki dutenaren berria, eta orduz geroztik, ehunka pertsona izan dira plai mustur berritua eta itsasargia bertatik bertara ikusi nahi izan dutenak. Askok gainera, berritasun berriei erreparatzen hainbat denbora eman dute. Izan ere, musturrean urteak lehenago zegoen itsasargiaren antzekoa ipintzeaz gain, azken metroetan barandak ipini dituzte petril gainean. Horrenbestez, gaztetxoek ezin izango dute uretara saltorik egin gune horretan.
Hain zuzen ere, musturraren oinarria sendotzeko hormigoi plataforma bat egin dute, eta bertara salto egitea arriskutsua gerta liteke.
Ondarroako plaiko musturra
Bariku arratsaldean Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak plai musturra bisitatu zuen Argia Ituarte Ondarroako alkateagaz eta Anton Golzarri Ondarroako portuko arduradunagaz, besteak beste. «Lanek, portuko eremuetan egindako guztiek bezala, neguko eguraldi txarra jasan dute, baina gaurtik aurrera ondarrutarrek ibilaldiak eta jarduerak egin ahal izango dituzte berriro plaiko musturrean», adierazi zuen Ana Oregik.
Hilabete luzez egin diren beharretan ingurumenean eragina zuzentzeko hartutako neurriak “ugariak” izan direla nabarmendu zuen Oregik barikuan egindako bisitan. “Hondakinak zein zarata kontrolatu egin dira; baita urak eta landaretza babestu ere”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.