Orkatz Beitiak urrea lortu du 60 eta 200 metroko probetan
Donostian asteburuan jokatu den pista estaliko Espainiako 26. Beteranoen txapelketatik urrezko bi dominagaz bueltatu da Orkatz Beitia ondarrutarra. Hain zuzen ere, 35 urtez azpiko kategorietan bi probetan parte hartu du Real Sociedadeko atletak, eta bi...
Beitiak nabarmendu duenez, txapelketa parte hartzea esperientzia «polita eta aberasgarria» izan da. «Berez ez nuen Espainiako txapelketan parte hartzeko asmorik, baina etxetik hurbil zenez, parte hartzea erabaki nuen. Egun onak eduki ditut, eta lasterketa ederrak egiteko aukera eduki dut. Oso pozik nago lortutako marka berriekin».
60 metroetan, faboritoa
Zapatuan, 60 metroko abiadura lasterketako finala jokatu zuen Antonio Elorza belodromoan. Lasterketa irabazteko faboritoa zen, eta ez zuen hutsik egin; 6 segundo eta 96 ehuneko markagaz, lehen postua lortu zuen. «Irteera eta sarrera oso onak egin nituen. Horrez gain, nire marka pertsonala zer edo zer hobetzea lortu nuen».
Domekan, ostera, 200 metroko abiadura finala jokatu zuen. «Lasterketa motzagoak egitea nahiago izaten badut ere, domekan zorteko ibili nintzen. Berez, Castello-ko (Herrialde Katalanak) Vicente Contelles zen lasterketa irabazteko faborito nagusia. Izan ere, orain arte jokatu dituen txapelketetan nik baino marka hobeagoa zuen».
Beitiak bere marka pertsonala hautsi eta txapelketako errekorra ezartzea lortu zuen 22 segundo eta 37 ehuneko markagaz. «Gogo handiagaz irten nuen, eta hori lasterketa irabazteko berebizikoa izan zela uste dut. Horrez gain, irteera ere oso ona egin nuen».