Marierrota alboko baranda zintaz itxita.
Lau urtetako ume bat uretara erori da Marierrota itsas-errotaren albotik. Lea ibaiaren padurara barik beste alderantz dagoen baranda apurtu eta beherantz jausi zen umea.
Domekan, 17:00ak inguruan gertatu zen istripua, Lekeitioko familia bat Marierrota ingurutik pasiatzen zebilenean. Baranda mugitzen ikusi eta umea falta zela ikusita konturatu ziren gurasoak erorketagaz.
Umearen gurasoek azaldu dutenez, berehala egin zuen salto aitak umearen bila, eta uretatik ateratzea lortu zuen. Gurasoen erantzun azkar horreri esker zauriak besterik ez zituen izan umeak. Hala ere, susto batean geratu zena zerbait larriagoa ere izan zitekeela uste dute gurasoek. «Ia hil egin zitzaigun umea», adierazi dute.
Hori dela eta, beste bateren bateri ezbeharrik ez gertatzeko, salaketa bat jarriko dutela jakitera eman dute. Izan ere, Lekeitioko familiak azaldu duenez, barandaren burdin batzuk apurtuta daude, eta daudenak ere ez dira seguruak.
«Umea ondo dago, baina nagusiak susto handia dauka oraindik», aitatu du familiak.
Gurasoek deituta Ertzaintza joan zen gertaeren lekura, eta ingurua zintaz itxi zuten.
Heziaren eskuduntza
Lea-Artibai Amankomunazgoari eta Espainiako Kosta Zuzendaritzari dagokio Marierrotako hesiaren mantenua.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoko presidente Jabier Abasolok esan duenez, oraindik ez dakite ezbeharra zehatz non gertatu den, «kaletik entzun duena da» daukan informazio bakarra. «Ez dakigu zer zatitan izan den gertaera, eta ez daukagu horren inguruko jakinarazpenik». Edonola ere, ahalik eta arinen Marierrotako baranda konpontzen hasteko asmoa agertu du. «Orain dela hilabetetik gora eskatu genuen aurrekontua, eta onartuta dago». 1.500 euroko inbertsioa egingo dute gunea konpontzen.
Beste alde batetik, Mendexako alkate Jesus Mari Anakabek ere obrak ahalik eta arinen egingo direla adierazi du. Eta bitartean, kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei. Konponketak hasi bitartean, behinik behin, apurtuta edo falta diren baranda zatiak zintaz egonkortu dituzte. «Baranda herdoilezinezko altzairuzkoa da, eta zati batzuk lapurtu egin izan dituzte, eta beste batzuk apurtuta daude», azaldu du Anakabek.