Etxebizitza arazoari irtenbidea bilatzen hasiko da Duindduz!
Etxe berriak eraikitzean baino, etxe hutsei erabilera ematean dagoela irtenbidea uste dute. Alternatibak proposatu eta eraikitzen saiatuko diraZero eraikuntza filosofia ardatz hartuta, etxebizitza arazoari kolpeko dio Lekeitioko Duindduz! herri eragile...
Etxe berriak eraikitzean baino, etxe hutsei erabilera ematean dagoela irtenbidea uste dute. Alternatibak proposatu eta eraikitzen saiatuko dira
Zero eraikuntza filosofia ardatz hartuta, etxebizitza arazoari kolpeko dio Lekeitioko Duindduz! herri eragileak. Ehunka etxe hutsik dauden herri batean gehiago eraikitzeak zentzurik ez duela diote, eta, beraz, etxe hutsak erabiltzearen aldeko dinamikan oinarrituko da, hemendik aurrera eta datozen urteei begira, aurrera eramango duten jarduera.Hiru aldarrikapen zehatz dituzte: etxe hutsak bete, etxe hutsak urte osorako alokairura atera eta etxeen alokairuari prezio muga jartzea. «Hauxe da gure ustez, herri bezala daukagun arazo honi erantzukizunez erantzuteko daukagun alternatiba. Gure ustez, egoera larria izan arren soluzioa ematea erraza da, borondatea baldin badago, behintzat», nabarmendu dute.
Aldarrikapen horiek aurrera eramateko Duindduzen jarduna, baina, ez da erakundeei egin beharreko eskabideetara mugatuko; «ez eta eskubideen aldeko protesta hutsean ere», esan dute. Egoerari irtenbideak bilatzeko alternatibak proposatu eta eraikitzen saiatuko dira.
Momentuko errealitatea
Arazoa ez da berria, ez eta arazoaren aurrean emandako herri erantzuna ere. Aurretik ere egon dira Lekeition bertan esperientzia ezberdinak. Hala ere, arazoak bere horretan jarraitzen duela eta denboragaz eta krisiagaz egoera gogortu egin dela diote Duindduzeko kideek. «Etxebizitza edo teilatu bat izatea behar bat da. Ordenamendu juridiko ezberdinek eskubide bezala jasota daukate, gainera. Baina errealitatea bestelakoa da, ordea. Eta gaur egun, zapaldutako eskubide bat izateaz gain, herritarren pobrezia eta prekarietate egoera handiagotzen duen elementua da».
Etxebizitzagaz gertatzen ari dena basakeria bat dela ere adierazi dute, «sistema kapitalistaren funtzionamenduaren baitan bakarrik ulertu daitekeen zerbait». Horrela, «etxebizitza merkatuko ondasuna izanik», merkatuaren legeen eta logikaren arabera funtzionatzen duela ikusten dute. Duindduzen ustez, horregatik, ia-ia normaltzat hartzen dira berez indarkeria bezala har daitezkeen egoerak: etxe bat eskuratzeko bizi osorako zorpetu beharra, etxe bat hilero alokairu edo hipoteka bidez ordaindu beharrak sortzen dituen estutasun ekonomikoak, diru sarrerarik ezean ezin emantzipatzea, kale gorrian gelditzea…
«Hil ala bizikoa da etxebizitza eskubidea merkatuaren eta espekulazioaren logikatik ateratzea. Ezin da onartu inork oinarrizko behar batetik espekulazioaren bidez etekin ekonomiko pribatua ateratzea», azpimarratu dute. Eta, horrenbestez, etxebizitzak botere publikoak bermatu beharreko oinarrizko eskubide bat izan behar duela berretsi dute.
Sentsibilizazio lana
Baina egoera errealitate horretatik urrun dagoela ere ikusten du Duindduzek: «Egungo botere publikoak kudeatzen dituzten alderdi nagusiek ez daukate egoerari sustraietatik kolpe egiteko borondate nahikorik. Eta borondatea dutenak konturatzen dira administrazio publikoek tresna edota baliabide gutxi eskaintzen dituztela etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean urrats sendoak emateko». Edozein kasutan, borondatea dutenei zein ez dutenei, eskuetan dituzten baliabide guztiak mobilizatzeko eskatu eta exijituko diete.
Datozen hilabeteetan, gaiaren gaineko sentsibilizazio bat lortzeko kale lana egingo dute. Baina, lan horregaz batera, alternatiba erreal modura eratzen joan daitezkeen bitartekoez hausnartzen joango dira: etxebizitza bulegoaz eta etxebizitza premiaz ariko dira asanbladetan.