Fitness funtzionalaren saio solte bat gehiago eskaintzen hasiko dira
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatua fitness funtzionalaren saio solte bat gehiago eskaintzen hasiko dela jakinarazi dute. Saio hori barikuetan izango da, Araneko kiroldegian, 14:15etik 15:00ak arte. Kiroldegiko erabiltzaileek bihartik hasita izango dute...
Erabiltzaileen eskaerak kontuan hartuta erabaki du Kirol Patronatuak kirol hori praktikatu ahal izateko saio berri bat eskaintzea, asko baitira horien esanetan, fitness funtzionala egiten duten herritarrak.
Ez da Kirol Patronatuak jarduera hori indartzen duen lehenengo aldia, izan ere, urtarrilean hiru saio gehiago eskaintzen hasi ziren. Hala, erabiltzaileek, orain, asteko egun guztietan egin ahalko dute fitness funtzionala. Martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan bi saio izaten dira, ordu ezberdinetan, astelehenetan eta barikuetan, berriz, saio bakarra.
Materiala berritu
Orain dela gutxi berritu zuen Kirol Patronatuak kirol hori egin ahal izateko materiala. Purmotion izeneko egitura berri eta modernoa aurkeztu zuten, hain zuzen ere. Egitura berri horrek, gainera, ahalmen fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileentzako aukerak eskaintzen ditu.
Entrenamendu funtzionalak kirola modu osasuntsuan eta dibertigarrian egiteko aukera eskaintzen duela diote Kirol Patronatukoek, eta asko dira bere onurak: mugimenduak eta gorputzaren jarrerak hobetzen ditu, giharrak indartu, lesioak egiteko arriskua murrizten du, eta, besteak beste, indarra, koordinazioa, erresistentzia eta bizkortasuna hobetzen ditu.