Anton Urreisti margolari mutrikuarra
Azken hamalau urteotan Euskal Herriko eta Espainiako hainbat margoketa lehiaketa irabazi ditu Anton Urreisti Altzibarrek (Mutriku, 1960). Apirilaren amaieretan hasi eta azaroaren hasiera arte lehiaketaz lehiaketa ibiliko da. Aurten, berritasun modura, Andaluzia aldeko lehiaketa batean parte hartzeko asmoa du.
Noiz hasi zinen margotzen?
Umetan hasi nintzen. Marrazten nahikoa trebea nintzen, eta gerokoan akuarela probatzen hasi nintzen, nire kasa. Oraindik ere umea nintzela, akuarelekin egindako lan batekin Pasaian egiten zen lehiaketa bateko lehenengo saria atera nuen.
Non ikasi duzu?
Inon ere ez, beti nire kasa aritu naiz. Horrek beti harritu izan du jendea. Liburuetatik eta besteen lanetatik asko ikasi dut. Eta zer esanik ez, jendearen iritziekin eta aholkuekin.
Margotzeko zaletasuna txikitatik duzu orduan.
Bai, beti margotzen aritzen nintzen. Aitak ere asko bultzatu ninduen. Umetatik margotzeko hainbat gauza ekartzen zizkidan. Gero, 18 bat urte nituela edo, erakusketa kolektibo bat egin genuen Mutrikun. Huraxe izan zen egin nuen nire lehen erakusketetako bat. Herriko margolari guztion lanak bertan egon ziren.
Zelako esperientzia izan zen?
Garai hartan zaletasun handia zegoen Mutrikun, eta Bittor Furundarena eta Ziriako Andonegi moduko artistekin erakusketa egiteko aukera izan nuen.
Orduz geroztik margotzen jarraitu al duzu?
Nik nahi, baina ezin. Hainbeste urtean lana eta familia zirela eta, ez nuen margotzeko nahikoa astirik izaten. Egiten nituen lanak enkarguzkoak izaten ziren.
Anton Urreisti Altzibar
Eta nola hasi zinen berriro ere margotzen?
Lan istripu bat eduki eta lana utzi egin behar izan nuen. Denbora libre asko izaten nuen, eta emazteak bultzatuta berriro margotzen hasi nintzen. «Margotzea gehien gustatzen zaizun gauza baldin bada, zergatik ez diozu margotzeari ekiten?», errepikatzen zidan, behin eta berriz, emazteak. Modu horretara, nire zaletasunari ekin nion berriro. Margolan asko egin nituen, eta Mendaron, bizi naizen herrrian, erakusketa bat egiteko aukera ere izan nuen.
Noiz izan zen hori?
Orain 16 bat urte izan zen. Zortea izan nuen; margolanik gabe geratu nintzen, dena saldu bainuen. Erakusketa hura oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Zer ba?
Aitor Etxeberria Mendaroko margolaria erakusketatik pasa zen, eta hark esandakoak nire margotzeko era goitik behera aldatu zuen.
Zer aholku eman zizun?
Nire margolanen onenari eta txarrenari buruzko iritzia eman zidan. Errealismo handiko lanak egiten nituela esan zidan, eta hori nahikoa ondo menperatzen nuela, baina garrantzitsuena falta nuela nabarmendu zidan.
Eta zer zen zure lanek falta zutena?
Etxeberriaren iritziz, margolana nirea egiteko sentimendua falta nuela esan zidan. Nire lanak ikusten zena baina haratago ez zutela gauza gehiagorik esaten aipatu zidan. Kalera irtetzeko gomendatu zidan Etxeberriak. Nire margotzeko era asko aldatuko zela aipatu zidan. Hark esandakoa eta gero, aitak esandakoekin ere hamaika aldiz gogoratzen nintzen, aitak ere kalera irtetzeko esaten zidan eta. Etxeberriak esandakoaren ondoren, aitak umea nintzela esandakoari zentzua hartzen hasi nintzen.
Esan eta egin.
Kalera irtetzea erabaki nuen, eta arrazoi galanta zuen Etxeberriak. Nire margotzeko era aldatzen hasi zen nabarmenki. Kalean aritzeak estudioan margotzearekin ez du inolako zerikusirik, lau pareten artean aritzea askoz artifizialagoa da. Lehen egiten nuenarekin alderatuz, beste gauza batzuk egiten hasi nintzen; inpresionismoan gehiago sartzen. Ezagunek ere laster nabaritu zuten aldaketa, eta iritzi onak jaso nituen. Orduz geroztik, teknika hobetuz noa.
Kale margolarien lehiaketetara ere orduan hasi zinen joaten?
Gutxi gorabehera, bai. Parte hartu nuen lehengo lehiaketa Mendarokoa izan zen, eta San Antonio baselizaren margolanarekin lehen saria atera nuen. Hortik aurrera, poliki-poliki, beste herri batzuetako lehiaketetara aurkezten hasi eta gero eta sari handiagoak hartzen hasi nintzen. Euskal Herriko hainbat lehiaketetan parte hartu eta gero, kanpokoetan ere probatzea erabaki nuen, eta orduz geroztik ez naiz gelditu.
Anton Urreistiren erakusketa Ondarroan
Euskal Herriaz kanpo lortu zenuen lehenengo saria zein izan zen?
Palentziako herri batean hirugarren saria eman zidaten. Egia esan, oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Berezia izan zen.
Zenbat sari jaso dituzu orduz geroztik?
Ez dakit zehatz esaten, baina ehundik gora bai. Iazko urtea orain artekorik oparoena izan da. Lehenengo sari asko eta garrantzitsuenak jaso nituen. Espainia mailan, egia esan, saririk onenetakoak lortzeko aukera izan nuen.
Zein izan da orain arte jaso duzun saririk onena?
Niretzat sari garrantzitsuena jendeak norbere lanari balioa ematea da. Kalean margotzen egoten naizenean, jende asko hurbiltzen zait. Zenbat eta jende gehiago etorri, ni gusturago sentitzen naiz. Hazi egiten naiz, lana ondo doanaren seinale. Hori guztia opari handi bat da niretzat.
Margotzeko denbora gutxi izaten da lehiaketetan. Nola lan egiten duzu hain denbora gutxian?
Aurretik herrian bueltaka ibiltzen naiz, betetzen nauen gai bat aurkitu arte. Lehiaketa egunean, lehendabizi zirriborro bat egiten dut, eta horren arabera margotzen hasten naiz. Aukera badut, gainera, formatu handian egiten dut. Nire ere erosoago eta libreago sentitzen naiz, bestelakoan lotuta sentitzen naiz. Horrez gain, zera konturatu naiz: sari handienak margotzeko denbora gutxien izan ditudan lehiaketetan lortu ditut. Nire kasuan, zenbat eta azkarrago margotu, emaitza hobea da. Koadro on bat lortzeko, ez dago xehetasunetan oinarritu beharrik. Askotan, xehetasunak indartzera joanez gero, ez da nahi adinako emaitzarik lortzen, neurria hartu eta gelditzen ere jakin egin behar da, eta askotan akats hori gehiegitan egiten da.
Zure lanetan asko jolasten duzu argiarekin.
Argia nire lanen sekreturik handiena dela esaten dute, nire lanen berezitasunetako bat bihurtu da. Askotan, margotzen hasten naizenean, momentu horretan dagoen argia ez zait batere gustatzen, eta nik nahi dudan moduko argia sartzen dut. Horrek guztiak jendea asko harritzen du. Argiak, gainera, puntu zehatz baten nabarmentzen saiatzen naiz. Modu horretara, begiradak ez du arretarik galtzen beste guztiarekiko.
Gogoko duzun argi mota bat.
Dudarik gabe, argi naturala dut gogokoena. Goizeko lehen argia eta iluntzeko azken argia oso bereziak dira. Eguerdiko argia, esate baterako, ez zait batere gustatzen.