Aitor Antsotegi eta Iraide Muguruza: "Ikasleria sistemaren tresna baino ez da PPrentzat"
Aitor Antsotegi (Aulesti, 1997) eta Iraide Muguruza (Markina-Xemein, 1996) Lea-Artibaiko ikasle mugimenduko kideak LOMCE Legearen ezaugarriez jardun dira.
Zertan oinarritzen da LOMCE Legea?
Iraide Muguruza: LOMCE Legea Espainiako gorbernuak bere gehiengo absolutuari esker Espainian inposatutako hezkuntza erreforma da. Erreforma hori PPren ideologian oinarrituta dagoenez, beraien ideologiaren arabera hezitako jendarte bat osatzea du helburu; alegia, jendarte matxista, katoliko, elitista eta zentralista bat, besteak beste. Horretarako, edukien gehiengoa gobernuak berak inposatuko du, eta ikastetxeetan hori egiten dela bermatzeko errebalidak inposatuko dituzte. Horien bidez, ikasleek Espainiak inposatutako edukiak ikasi beharko dituzte, eta ikasketa prozesuan aurrera joateko, azterketa horiek gainditzea ezinbesteakoa izango dute.
Aitor Antsotegi: Sexismoa bermatzeaz ere arduratuko da lege hori, eta horretarako, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei diru laguntzak emango dizkiete. Erlijioaren ikasgaiak ere indar handia hartuko du besteak beste.
LOMCEren aurrean, mobilizatzen zabiltzate Lea-Artibain.
I.M.: Lehenbizi, eztabaidatzeko guneak sortu ditugu aurten. Azaroan, eztabaida horien ondorioak plazaratu genituen Bilbon egin zen Ikasle Suziriaren aurkezpenean. Orain, bertan hartutako konpromisoak gauzatzen gabiltza. Barikuan, Markina-Xemeinen elkarretaratzea egin genuen, eta gaur Bilbora joango gara.
Zein helburu dute mobilizazio horiek?
A.A.: Mobilizazioek aurkakotasunetik alternatibak eraikitzerako bidea gauzatzea dute helburu, LOMCE eta beste erreformak baztertzeaz gain, geure hezkuntza eraikitzea baitugu helburu.
Hizkuntza gutxituek kalte handia jasoko lukete lege hori ezarrita. Zer gertatuko litzateke orduan, euskararekin?
I.M.: Euskara hirugarren maila batera igaroko litzateke, eta, are gehiago, beraien helburu nagusia euskara euskal jendartearen ahotik kentzea da. Ikasle katalanak espainiolizatzea nahi dute, eta, horiekin batera, baita gainontzeko herri zapaldu guztietakoak.
Nola egin ahal zaio lege horri aurre?
A.A.: Ekinez! Herri osoaren parte hartzea beharrezkoa dugu. Espainiar estatuaren krisi politikoa dela eta, PPk bere boterea galdu eta, horrenbestez, erreforma hori bertan behera geldituko dela entzuten da azkenaldian; hala ere, erreforma hori jadanik martxan dago, eta pixkanaka-pixkanaka denok buztiko gaitu.
Orduan, zer?
A.A.: Alternatibak eraikitzeaz gain, desobedientzia beharrezko tresna dugu. Horretarako, Euskal Herriko hezkuntza plataformak kaleratutako desobedientzia liburuxka dugu lanerako tresna egokia.
Lege horren sorkuntzan, ikasleek izan al dute parte hartzerik edo zer esanik?
I.M.: PPk inposaketaz sortu du lege hori. Ikasleria sistemaren tresna besterik ez da beraientzat, akritikoak gara beraientzat.
Zuen ustez, nolako hezkuntza-eredua eduki beharko lukete indarrean bertoko ikastetxeek?
A.A.: Herriak sortutako hezkuntza eredu bat beharko lukete eduki; izan ere, herriaren burujabetzan sinesten dugu. Hori martxan jartzeko eredu egokiena herri curriculumak ditugu, besteak beste.
I.M.: Pedagogia askatzailea, hezkidetza, inklusioa eta zapalduen ikuspegia barneratuko dituen hezkuntza.
Zenbait ikastetxe hasiak dira azterketak kentzen eta ikasleek eurek dituzten interesen araberako edukiak lantzen, inposatutakoen ordez. Zer deritzozue?
I.M.: Ondo, horren kontra egiteko pausu egokiena da, baina bide hori denok hartu beharra dugu, herri mugimendu indartsu baten aurka ez baitago zer eginik; banakoen aurrean legeak zorrotz joka dezakeen bitartean.
Ikasleok, izan al duzue lege horren aurka beste talde, eragile, elkarte, norbanakoen… babesik?
A.A.: Bai, hezkuntza plataforma beti izan da babes bat guretzat, eta baita irakasle batzuen jarrera ere; hala ere, eskualdean baditugu hainbat tira-bira ikastetxe batzuekin, LOMCE legearen aurrean duten jarrera dela eta.
Amaitzeko, ba al da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lege horri aurre egingo dion planik?
I.M.: EAJren gibernuak, ustez, lege horren aurka egingo zuen proiektu bat aurkeztu zuen: HEZIBERRI proiektua. Dena den, iruzur bat baino ez da; LOMCE legearen oinarri berak dituena. Herria baretzen saiatzeko jeltzaleen beste trikimailu merke bat besterik ez da. Nafarroako gobernuak, aldiz, hasiera batetik babestu zuen legea, baina ez genuen besterik espero bi gobernu horietaz; «betiko leloaren betiko leloa».