Bermeoko liburu eta disko azokaren salmentek %10 egin dute gora
Azken asteburua izan da azokako «txarrena», eguraldi txarragatik «jende gutxiago» egon delarik. Arrakastatsuenak haur eta gazte literaturagaz lotutako lanak izaten dira urteroAsier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak Bermeoko liburu ...
Azken asteburua izan da azokako «txarrena», eguraldi txarragatik «jende gutxiago» egon delarik. Arrakastatsuenak haur eta gazte literaturagaz lotutako lanak izaten dira urtero
Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak Bermeoko liburu eta disko azokaren balorazio «positiboa» egin du. Aurreko urteagaz alderatuta, aurten «zertxobait hobeto» joan dela azaldu du Muniategik. Salmentek gora egin dutela aipatu du, %10, hain zuzen ere.Emaitzak ikusita, oso ondo joan da aurtengo azoka. «Pena bat izan da, baina azken asteburua izan da txarrena, eguraldiak ez baitzuen lagundu, eta eguraldiak eragin handia izaten du mota honetako azoketan. Lameran egoteak, gainera, lagundu egiten du, bertatik dabilen jendea hurbildu egiten baita». Hortaz, aurtengo azokako salmentekin «pozik» agertu da Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, bai eta ere, hurbildutako jende kopuruagaz.
Unai Elorriaga idazleagaz egindako solasaldia nabarmendu du, idazlearen Iazko hezurrak liburuaz mintzatu ziren horretan, eta hainbat izan ziren bertaratu ziren herritarrak.
Euskal literaturan Unai Elorriagaren, Jon Arretxeren eta Kirmen Uriberen lanak izan dira gehien saldu direnak. Toti Martinez de Lezea idazlearen euskarazko zein gaztelerazko lanak ere asko saltzen direla azaldu du Muniategik. Gaztelerazko literaturan Dolores Redondoren La Trilogia del Baztan baitako liburuak «arrakastatsuak» izan dira.
Gastronomia, gustukoa
Urtero legez, haur eta gazteen literaturaren salmentak ere nabarmendu ditu Muniategik: «Horiek dira arrakastatsuenak eta gehien saltzen direnak, bai musika arloan zein literaturan ere. Pailazoen ingurukoak izaten dira salduenak».
Gaiari dagokionez, beste alde batetik, gastronomia azpimarratu du: «Bertoko zein munduko gastronomia ezberdinen liburuak arrakastatsuak izaten dira». Historiaren alorrean, euskal gaiari lotutako entseguak ere «polito» saltzen dira, eta Bermeon, itsasoari eta arrantzari lotutako liburuek ere interesa sortzen dute. Urtero «antzerako emaitzak izaten dira».