Leartiker, medikuntzan erabiltzen diren sistemen hobekuntzan material polimeriko berriak aztertzen dabil. Argazkia: Leartiker
Polimeroen eta teknologia berrien ekarpen ezberdinek osasun sektorean dituzten aukerak aztertuko dituzte gaur hainbat sektoretako profesionalek eta adituk Lea Artibaiko Berrikuntza Gunean. Leartiker zentro teknologikoak Polymers and Medical Aplications jardunaldiaren hirugarren edizioa antolatu du.
NanoBasque Agentziak, Mondragon Unibertsitateak, Osakidetzak, hiru dimentsiotan inprimatzen adituak diren gipuzkoako Tumaker enpresak, zirujau-lana errazteko produktuen diseinu, garapen eta ekoizpenetan jarduten duen Osteomodel enpresak eta oftalmologiaren arloan mediku-gailuak garatzen duen AJL Ophthalmic enpresa arabarrak hartuko dute parte jardunaldian, besteak beste.
Aurtengo edizio honetan nanoteknologia, 3D inprimazioa, etxeko ospitaleratzea, prestakuntza profil berriak edota tresna biomedikoen pertsonalizazioari buruzko aukerak eta iritziak eztabaidatuko dituzte.
Biomedikuntza, etorkizuna
Markina-Xemeingo zentroarentzat, Biomedikuntzaren arloa etorkizunera begirako erronka bat da. Leartikerren plan estrategikoan jaso dutenez, 2016 urteko ikerketen %20ak biomedikuntza arloko sektoreekin zerikusia izatea dute helburu. Horretarako, hainbat enpresa, unibertsitate eta Europako erakundeekin hitzarmenak sinatu dituzte.