Arrantzaleak antxoa deskargatzen
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta,
Azti-Tecnaliako kideek antxoak nola zenbatzen dituzten azalduko dute astelehenean Ondarroako
Beikozinin.
IƱaki Artetxe Arrantza Estatistikako arduradunak behar horren nondik norakoak emango ditu 18:30etik aurrera. Kontaketa bi kanpainetan banatuta egiten dutela azalduko du Artetxek. Udaberrian eta udazkenean, esate baterako, antxoa gazteak zenbatzen aritzen dira. “Antxoak neurtu, eta horren arabera, antxoaren populazioa zein den ezartzen dugu. Era berean, itsasoan zenbat antxoa arraba dauden ere neurtzen dugu teknika estadistika batzuk erabilita; hori da funtsean egiten duguna. Datu horiek gerokoan, urtez urte konparatu egiten ditugu”.
Horrez gain, egiten duten behar bakoitzak zertan datzan eta zertarako balio duten ere azalduko du berbaldian Aztiko ikertzaileak. “Datu horien arabera, ondorio bat edo beste ateratzen ditugu”.
Antxoa Ondarroako portuan
Artxetxeren esanetan, antxoa arrantzua ireki zutenez geroztik populazioa gehitzen doa. “Beste urte batzuekiko datuekin konparatuta, 2015erako biomasa askosaz handiagoa kalkultatu dugu. Horrek guztiak arrainaren kuota handitzea ekarri du”.
Hala ere, historikoki antxoak izan duen mailarik gorenera ailegatzeko asko falta dela dio ikertzaileak. “Antxoa arrantzua itxi zutenean biomasa 30.000 tona azpitik zegoen, orain ordea, populazioa hazi egin dugula baieztatu ahal izan dugu. Momentu honetan 65.000 tona inguruan dago, prebentzio mugatik nahikoa gorago”.