Itsaso onagaz arrain asko arrantzatu dute marinelek; batez ere, berdela eta antxoa porturatu dituzte Egidazu Kaian.
Gaur [martxoak 19], esate baterako, antxoa asko ekarri dute baxurrako arrantzontziek. Txalupak antxoa deskargatzen aritu dira etengabe, eta goizeko lehen orduetarako 3.000 kaxa inguru sartu dira Kalare Deuna Kofradian.
Benta aurretik antxoa kontaketa egiten
Bentalekuan arraina saldu eta saldu ibili dira goiz osoan, eta bisitari eta herritar ugari hurbildu da hango beharren nondik norakoak hobeto ezagutzeko jakin-minagaz. Arrantzaleek lehen antxoa kaxak deskargatu orduko, lagin bat eraman dute bentako pisura, eta han kiloan zenbat ale dauden kontatzen aritu dira. Kontaketan ere, nahikoa jende batu da. Arrain erosleek gertutik jarraitu dute kontaketa, eta antxoaren kalitatea hurretik hurrera ikusi nahi izan dute, gerokoan enkantean eskaintza bat edo beste egiteko.
Azken bi egunotan sartu da antxoa, eta nahikoa merke saldu dela adierazi dute kofradiako kideek. Atzo 52.000 kilo antxoa lehorreratu zituzten, eta gaur goiza orduko, zer edo zer gutxiago ekarri dute. Batez ere, freskorako saldu da. Arrantzaleak orain bi aste hasi ziren lehen antxoa aleak porturatzen, eta orduz geroztik, prezioek nabarmen egin dute behera. Bataz beste, 1,50-1,60 eurotan saldu da.
Baxurako arrantzaleak antxoak deskargatzen
Jaitsieraren arrazoia arrainaren tamaina txikia eta eskariak behera egin duela izan dira. “Arrainaren tamaina txikiagatik behera egin dute prezioek. Era berean, eskaria ere gutxitu egiten da jai egunak hurbil daudenean ere. Merkatu asko itxita daude; bestelakoan, zer edo zer garestiago egingo zuela pentsatzen dugu”.
Tamainari dagokionez, kosterako antxoa izan dela nabermendu du arrantzaleek. Gaztea izan da antxoa, kiloko 60-80 alekoa. Tartean tarteko, handixeago ere sartu da, eta garestiago saldu da. “Zenbat eta handiago, zer edo zer garestiago saldu da”.
Nahikoa hurbil harrapatu dute, arrantzaleek Teilagorriak (Landetan) modura ezagutzen duten tokitik gertu; Ondarroatik bost bat orduko bidean. Era berean, kostaldetik nahikoa hurbil bilatu dute arraina, 12 bat miliatara.
Baxurako ontzi bat Ondarroan lehorreratzen
Berdel denboraldiak bete-betean jarraitzen du. Antxoaz gain, berdela ere asko arrantzatu dute. Ondarroatik oso hurbil harrapatu dute, Lekeitio eta Ondarroa bitarteko uretan. Hain zuzen ere, kostaldetik oso gertu harrapatu dute, milia erdi eta bi milia tartean.
Hala ere, berdeletara dabizen arrantzaleak gutxitzen hasi dira. Izan ere, askorek nahiago izan dute antxoa harrapatzera joan. “Berdela oso merke saltzen ari da, 50 zentimo inguruan eta antxoa, gutxienez, euro bat garestiago ari da ordaintzen. Antxoatara joatea askosaz errentegarriagoa suertatzen da”.
Martxoak 12, eguena
Berdela. 110.000 kilo: 0,57 euro, bataz beste.
Boba. 1.900 kilo: 0,60 euro, bataz beste.
Sarboa. 1.200 kilo: 5,49 euro, bataz beste.
Txitxarro txikia. 12.000 kilo: 1,55 euro, bataz beste.
 Martxoak 13, barikua
Berdela. 47.000 kilo: 0,63 euro, bataz beste.
Betandia. 9.000 kilo: 0,60 euro, bataz beste.
Martxoak 16, astelehena
Berdela. 15.000 kilo: 0,73 euro, bataz beste.
Martxoak 17, martitzena
Berdela. 65.000 kilo: 0,61 euro, bataz beste.
Betandia. 13.000 kilo: 0,50 euro, bataz beste.
Boba. 6.500 kilo: 0,47 euro, bataz beste.
Sardina. 1.600 kilo: 0,66 euro, bataz beste.
Martxoak 18, eguaztena
Antxoa. 52.000 kilo: 1,53 euro, bataz beste.
Berdela. 30.000 kilo: 0,55 euro, bataz beste.
Sardina. 27.000 kilo: 0,27 euro, bataz beste.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.