Gorka Gerrikagoitia gernikarra
EDP eta Euskadi Txirrindularitza Irakaskundeak sortu berri duen taldeko kirol arduraduna da Gorka Gerrikagoitia (Gernika-Lumo, 1973). Helduekin entrenatzetik gazteekin egotera igaro da gernikarra, eta, aitortu duenez, errazagoa da gazteekin lan egitea, “esaten dutena bete egiten baitute”. Era berean, herritarrak txirrinduan ibiltzera animatu ditu.
Nondik sortu da elite eta 23 urtez azpikoen talde berria?
Herriko jendeagaz goi mailara ailegatu ginen 1994. urtean, eta hainbat urtean bertan izan gara. Munduko lasterketa onenetan parte hartu dugu, baina azken urteetan, krisia dela eta, gure maila jaisten joan da. Gure helburua berriz ere maila horretan egotea da. Horregatik, afizionatuen mailatik hasi behar gara.
Nolako taldea sortu duzue?
Talde amateurra sortu dugu, elite eta 23 urtez azpikoen talde berria. Espainiako estatuko maila ikusita, talde onenetarikoa dugula uste dut. Txirrindulari gazteak dira: helduenak 24 urte ditu eta gazteenak 18. Euskal Herriko adin tarte horretakoen artean, onenak ditugu.
Nola hasi duzue denboraldia?
Urtea oso ondo hasi da guretzat, eta ezustekorik egon ezean, hala bukatuko dugula uste dut. Otsailean hasi genituen lasterketak eta dagoeneko lau garaipen eskuratu ditugu. Talde afizionatua izan arren, lanean gabiltzanok profesional mundutik gatoz, eta esperientzia asko daukagu.
Zein da taldearen helburua?
Berriro oinarri sendo bat sortzea da gure helburua, urte batzuren buruan profesionaletara igotzeko. Ez da lan erraza izango, baina hori da nahi duguna. Horretarako, gazteak hezi nahi ditugu, baina ikuspuntu profesional batetik lan eginda.
Zein filosofia du taldeak?
Guk ez dugu inoiz filosofia aldatu. Bertoko txirrindulariekin lan egitea eta haztea da gure asmoa.
Gaur egun, zein egoera bizi du euskal txirrindularitzak?
Espainiako estatuko mailarik altuena beti Euskal Herrian egon da. Egun egoera txarra bizi du txirrindularitza munduak. Talde afizionatu asko eta onak egon arren, profesional mailan talde gutxi daude, eta bertan egoteko aukera gutxi dituzte bertokoek. Egun, Espainiako estatuan Movistar taldea eta Burgosko talde kontinentala daude soilik, eta Euskal Herrian Caja Rural eta Murias taldeak. Garai onenetan dozena bat talde profesional egoten ziren estatuan.
Maila eta kalitatea badago, baina aukerak falta dira, beraz?
Bai, hala da, kalitate handia dago, baina mailaz igotzea merezi duten guztientzat aukerak oso urriak dira. Egia da txirrindulari gutxiago daudela gaur egun, baina daudenak oso onak dira.
Txirrindulari onez ari zarela, zer behar du txirrindulari batek ona izateko?
Hasteko, txirrindulari batek berezko zenbait kualitate izan behar ditu, gerora horiek lantzen joan ahal izateko. Lan eta entrenamendu asko egin behar da; sakrifizio asko. Egindako lan hori guzti hori erakutsi ahal izateko, aukerak ere eduki behar dira. Norbere inguruak ere baldintzatu egiten du txirrindulari baten norabidea.
Momentuz, non lehiatu zarete aurten?
Frantzian hasi genuen aurtengo denboraldia, eta bertatik Murtziara abiatu ginen. Espainiako Kopan ere parte hartu dugu, eta beste zenbait lasterketetan ere izan gara.
Eta aurrerantzean, nondik ibiliko zarete?
Urrian bukatuko dugu denboraldia, eta, bien bitartean, Portugalen, Espainian, Frantzian, Euskal Herrian… ariko gara; batez ere, bertoko inguruetan.
Ba al da helburu moduan duzuen lasterketarik?
Aiztondo klasikoa (Ataun) irabaztea zen gure helburuetariko bat, eta duela bi aste berau irabaztea lortu genuen. Espainiako Kopako lasterketa bat da, eta Espainiako estatuko txirrindulari onenak biltzen dira bertan.