Sarea erabilita, turismoa erakarri gura du Mundakak
Modu «ikusgarrian eta erakargarrian» herriko irudi zehatza eskaintzen duen webgune berria martxan jarri du Mundakako Udalak: www.mundakaturismo.com. Batez ere, bisitariei zuzendatuko ataria dela azaldu du udalak. Helburua, horien esanetan, «Mundakak...
Teknologia berriek gaur egun duten «garrantziaz» ohartarazita diseinatu du udalak webgunea: «Mundaka modu birtualean ezagutzeko aukera ematen du, eta bisitariak erakartzeko orduan, herriak jomuga turistiko gisa duen irudia sortzeko eta indartzeko balio du».
Webgune berriak «egitura xumea» eta erabiltzaileentzako «erraza» aurkezten du. Irudi erakargarriekaz batera, erabiltzaileek herriko informazio osoa aurkitu ahalko dute horretan. Bisitariak Mundakan erraz ibiltzeko, gainera, webguneak mapa turistiko bat ere eskaintzen duela diote udal ordezkariek. Mapa horretan herrian eskaintzen diren zerbitzuak edota bisita daitezkeen gune nabarmenenak kokatzen dira.
Hiru atal nagusi
Hasierako orrian, hiru atal nagusi dauzka webgune berriak: surfari zuzendutakoa da bat, surf munduari buruzko loturekin, itsasaldien taulekin…; Agenda da beste bat, herriko jai nagusiekin; eta hirugarren atalak, berriz, herriko ostatu aukeren berri ematen du, bisitariek, modu horretan, non jan eta non lo egiteko aukera duten jakin ahal izango dute. Erabiltzaileek, hortaz, «begi kolpe» batean Mundakako eskaintza turistiko zabalaren berri eduki ahalko dutela nabarmendu dute.