2.500 atxikimendutik gora jaso ditu gutun kanpainak
Iparra Galdu Baik plataformak nabarmendu duenez, Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak «martxa onean» jarraitzen du. «Asteburuan jaso diren sinadura kopurua zehazteko baldin badago ere...
Plataformak adierazi duenez, Ondarroan 1.100 atxikimendu inguru jaso dira. «Azken gutun bidalketak aste honetan egingo dira. Atzo 92 bidali genituen, eta zapatura bitartean, egunero 100 gutun inguru bidaliko ditugu».
Lea-Artibai eta Mutrikuko beste hainbat herritan ere kanpainak aurrera jarraitzen du. Mutrikun 109 jaso dira; Lekeition ere asko jaso dira. Etzi iluntzean Markina-Xemeinen ere ipiniko dute , sinatzeko mahaia, Arkupe aurrean.
Madrilen ere bai
Preso ondarrutarraren lagunak abiatuta, gero eta herri gehiagotan jaso dituzte atxikimenduak. Elizondon 150, Lezon 100, Irunen 250, Donostiako Egia auzoan 200 eta Deban 300 izan dira.
Euskal mugetatik kanpo ere, hainbat izan dira Iparragirre etxeratzeko eskaera orriak sinatu dituztenak. Mostolesen (Madril, Espainia) ere 45 jaso dituzte Iparragirreren lagunek.
Era berean, zapatuan egingo den manifestaziorako ere gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari dira. Norbanakoen eta hainbat talderen ekarpenak jaso dituzte.