Miren Peña gogoan, etxe kaleratzeen kontra Lekeition egindako protesta.
Miren Peña gogoan, etxe kaleratzeen kontrako protesta egin zuten astelehen iluntzean Lekeitioko Eskolapean. Ondarroan eta Bermeon ere, margotuta agertu dira Laboral Kutxako hormak. Ez da izan buruhiltzea hilketa baino eta hiltzailea hitzak erabili dituzte Antsoaingo emakumearen heriotza salatzeko.
Bere buruaz beste egin zuen Miren Peñak domekan, bankuak hipoteka negoziatzeari uko egin eta gero, eta asko izan dira bankuaren jarrera gaitzetsezteko egindako elkarretaratze eta protestak. Potxuak Martxan, Duindduz eta LAB sindikatuak deitu zuten Lekeitiokoa. Izan ere, Miren Peña LAB sindikatuko afiliatua zen, eta Antsoaingo zein Nafarroako etxegabetzeen kontrako plataformek egindako balorazioak bere egin ditu sindikatuak. «Laboral Kutxak zuzeneko ardura du Miren Peñaren heriotzean, bazterketa sozialaren arriskuan dagoen pertsona baten hipoteka birnegoziatzeari muzin egiteagatik». Horregaz batera lan arloa ere aipatu dute, «tragedia honen faktore funtsezkoa baita». «Hona hemen Kapitalismoaren arimetika basatia: kaleratzea gehi etxegabetze mehatxua berdin heriotza», adierazi dute.