Ura balorean jartzeko zipriztinak
Irrien Lagunen eta Zipriztinen laguntza izan zuten domekan Bermeon batu ziren herritarrek; uraren aldeko jaialdian, krosean, kalejiran edota flashmobean parte hartu zuten.Uraren Nazioateko Eguna modu berezian ospatu dute aurten Busturialdeko herritarre...
Irrien Lagunen eta Zipriztinen laguntza izan zuten domekan Bermeon batu ziren herritarrek; uraren aldeko jaialdian, krosean, kalejiran edota flashmobean parte hartu zuten.
Uraren Nazioateko Eguna modu berezian ospatu dute aurten Busturialdeko herritarrek. Ura balioan jartzeko sentsibilizazio kanpainari amaiera emateko festa egin zuten, domekan, Bermeon. Largabista eta Tiritatxo Irrien Lagunekin eta Zipriztinegaz batera, jendez blai egin zuten herria herenegun goizean.San Andres urtegira ibilaldi gidatua egin zuten goizean, eta Lameran batu ziren, gero, hango eta hemengo herritarrak, ume zein nagusiak, Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatutako ekimenetan parte hartzeko.
Herri krosean, korrika egiteko aukera izan zuten eskualdeko umeek. Guztira, 80 parte hartzaile inguru izan ziren Lamerako irteera eta helmuga zeharkatu zutenak. Eta, ostean, indarberritzeko, txokolate jana egin zen Lameran bertan.
Gutunen bila
Kalejira egiteko, Lameratik Talaraino joan ziren denak elkarrekin. Talan, eskualdeko hamabost ikastetxeek urari buruz idatzitako gutunen bila hasi ziren. Lamerarainoko bidean, hamabost gutunen bila ibili ziren umeak, alde batetik bestera korrika. Den-denak aurkitu zituzten, eta, Largabistak eta Tiritatxok den-denak irakurri zituzten, aurkitu ahala.
Azaroan hasi eta otsailera bitartean Busturialdeko ikastetxeetan egindako sentsibilizazio kanpaina horretan eskatu zien partzuergoak ikastetxeei urari buruzko gutun bana idaztea. Urari buruzko hiru fitxa banatu zizkieten, betetzeko.
Bertoko ura
Eguneko azken ekitaldiak Artza frontoian egin zituzten; han dantzatu zuten, baita, uraren egunerako prestatutako koreografia. Izan ere, Ken Zazpi, The Uski’s eta 22 metro koadro musika taldeeen laguntzagaz kanta bat egin dute egun horretarako, beren-beregi.
Eta Artza frontoian banatu zituzten, baita, partzuergoak antolatu zuen argazki lehiaketaren sariak. Gainera, lehiaketa horretara aurkeztutako argazkiak erakusten ipini zituzten domekan.
Eguneko ekitaldi nagusian, duen balorea aitortu gura izan zioten urari, eta Busturialdean Busturialdeko ura erabiltzen dela nabarmendu zuten. Sentsibilizazio kanpainan parte hartu dutenei eskerrak eman zieten partzuergoko arduradunek, baina, batez ere, egunero ura etxera heltzea posible egiten dutenen lana eskertu zuten.