Larruskaingo bidegurutzean errotonda egingo dute. Lurzorua laranjaz margotuta dago.
Urberuagako errepidea hobetzeko lanak errealitate bat direla adierazi dute jeltzaleek, eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuari emandako «aupada» azpimarratu dute: «Lea-Artibaiko errepideen hobekuntzarako 3,1 milioiko inbertsioa egitea eskualdearen aldeko apustu argia delako».
Markina-Xemeingo jeltzaleek aitortu dutenez, Markina-Xemein eta Ondarroa lotuko lituzkeen errepidea egitearen asmoa zegoen, baina, krisi ekonomikoak atzeratu du. «Baina, Urberuagako tartearen segurtasuna hobetzeko beharrizana bazegoen eta gure aldetik horren alde egin dugu lan». Beraz, hurrengo 12 hilabeteetan egingo diren lanak «hobekuntza argia» ekarriko dutela azpimarratu dute.