Industrialdearen auzian, epaileak ez du udalaren kasazio helegitea onartu
Egitasmoak hiri antolamenduaren kontra egiten zuela argudiatuta jarri zuen Muxikako Udalak helegitea. Auzitegi Nagusiaren epaiagaz «pozik» da Busturialdeko IndustrialdeaBusturialdeko Industrialdea Elkarte Anonimoak Miango-Agerretxe-Untxeka jarduera e...
Egitasmoak hiri antolamenduaren kontra egiten zuela argudiatuta jarri zuen Muxikako Udalak helegitea. Auzitegi Nagusiaren epaiagaz «pozik» da Busturialdeko Industrialdea
Busturialdeko Industrialdea Elkarte Anonimoak Miango-Agerretxe-Untxeka jarduera ekonomikoetarako gaitzeko aurkeztutako sektorearen plan partziala ez onartzea erabaki zuen Muxikako Udalak 2012ko abenduan. Horren aurrean, epaitegietara jo zuen Busturialdeko Industrialdeak, eta horri kasazio helegitea jarri zion, berriz, Muxikako Udalak. Dagoeneko hartu du erabakia Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak: Muxikako Udalaren errekurtsoa ez onartzea, hain zuzen ere. Horren aurrean, «pozik» agertu da Busturialdeko Industrialdea SA.Hainbat arrazoi eman zituen Bilduk plan partzial hori ez onartzea erabaki zuen momentu hartan: alde batetik, Busturialdeko Industrialdeak proposatzen zuen poligonoa herriko planteamenduagaz bat ez zetorrela azaldu zuen, eta, beste alde batetik, eremu industrialdearen sarbiderako Gernika-Lumoko udalerrian kokaturiko lurretan planteatzen zuten hiribilgunearen exekuzioa noiz eta noren kontura egingo litzatekeen azaltzeko eskatzen zuen.
Udal horniduran eragina
Gainera, Miango-Agerre-Untxeka jarduera ekonomikoetarako sektoreak udal horniduran izango lukeen eragina ere kontuan hartu beharko litzatekeela adierazi zuen Bilduk.
Azken finean, egitasmoaren zenbait puntuk hiri antolamenduaren kontra egiten zuela argudiatu zuten. Hori dela eta, zuzenketak egiteko eskatu zuen Bilduk orduko hartan, baina Aitor Goldaraz herriko alkateak azaldu bezala, «ez zuten ezer zuzendu eta administrazioarekiko auzien prozesura jo zuten».
Epailearen arrazoi batzuk
Auzitegi Nagusiak, hala ere, hainbat arrazoi eman ditu udalaren helegitea ez onartzeko. Busturialdeko Industrialdea SAren arabera, Muxikako Udalak, 2012ko abenduaren 18ko sententzia «beste sententzia batzuen kontrakoa» zela argudiatu zuen; hala ere, Auzitegi Nagusiak uste du «ez dagoela jurisprudentziaren arau-hausterik». Halaber, Muxikako Udalak aurkeztutako kasazio-errekurtsoan sententziak tokiko autonomia «urratzen» zuela adierazi bazuen ere, Auzitegi Nagusiak «ez duela tokiko autonomia arriskuan ikusten» azaldu du Busturialdeko elkarte anonimoak.
Muxikako Udalaren helegitea ez onartzeaz gain, errekurtsoaren kostuak ordaintzera zigortu du Auzitegi Nagusiak tokiko erakundea.