Joseba Gezuraga eta Alex Sardui aldundirako hautagai izango dira
EH Bilduren ahaldun nagusigai Josu Unanue Bermeoko alkateordeak zabaltzen duen zerrendan daude, baita, Joseba Gezuraga eta Alex Sardui. Bizkaiko Foru Aldundirako Busturia-Uribe barrutiko hautagaiak izango dira, Atxondoko Onintze Oleaga eta Portugalete-...
Gernika-Lumogaz eta Lekeitiogaz dauka lotura Joseba Gezuragak. Barruti horretan hirugarren hautagaia izango da. Ostalaritzan industria-maisua da 62 urteko hautagaia, eta Eusko Alkartasuneko koordinatzailea da Bizkaian.
Busturia-Uribe barrutiko zerrenda horretan bosgarren da Alex Sardui muxikarra. Abeslaria da bera, eta 45 urte ditu.
Josu Unanue bermeotarra da barruti horretan osatu duten zerrendaburu, eta, aldi berean, bera da EH Bilduk Ahaldun nagusi izateko aurkeztu duen hautagaia. 56 urte ditu, eta matrizegintza-injekzioan eta trokelgintzan ikasketak egin ditu. Era berean, itsasontzietako mekanikaria eta hotz teknikaria ere bada.
Politika munduan ere bere ibilbidea egin du. 2011 urteaz geroztik, Bermeoko alkateordea da. Udaletxe horretan, besteak beste, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuko lehendakari, Antolakuntza eta euskara zinegotzi arduraduna eta langileria eta parte hartze batzordeetako kidea da.
Herrietan ere ari dira
Busturiko EH Bilduk, bestalde, gaur egingo du herri batzarra, udal hauteskundeei begira aukeratu dituzten hautagaiak aurkezteko eta herritarren oniritzia jasotzeko. 20:00etan batuko dira, Altamirako Kultur Etxean. Herri programa ere bihar aurkeztuko dute.
Bermeoko EH Bilduk, bere aldetik, martxoaren 29an, domeka, egingo du hautagaien aurkezpena. 13:00etan batuko dira, Lameran. Egun horretan, Ehbilgunearen inaugurazioa ere egingo dute.
Gernika-Lumoko EH Bilduk, bestalde, batzar irekira deitu ditu herritarrak, zapatu honetan (martxoaren 28an). Hauteskunde prozesuaren aurkezpena egingo dute, jendaurrean, eta batzarrean parte hartzen duten herritarren ekarpenak ere jaso gura dituzte.
Arratsaldean egingo dute batzarra, 16:30etik aurrera, Pasealekuko lokaletan.