Asteon, eguraldi txarra dela eta, arrain gutxiago porturatu dute arrantzaleek Ondarroan. Iparraldeko haizeak eraginda, itsaso txarra egon da, eta eguaztenean, esate baterako, turrunik ere ez zen entzun Egidazu Kaian. Baxurako ontzidiari dagokionez, eguaztenean denak portuan lotuta geratu behar izan zuten.
Arrainari dagokionez, asteon ez da berdel askorik saldu Kalare Deuna kofradiako bentan. “Egon den apurra, amuko ontziek ekarri dute, eta horiek ere ez dute gehiegirik harrapatu. Amukoak berdel nahira atera dira, eta arraina non dagoen aurkitu baldin badute ere, karnatarik ez du jan nahi, antza”, azaldu dute kofradiako arduradunek.
‘Nuestro padre Tonino’ baxura ontziko arrantzaleak arraina ontzi barrutik ateratzen
Antxoari dagokionez, ostera, eskaintzaren faltan prezio oso onean saldu da. “Eguraldi txarra dela eta, ez dute askorik arrantzatu, eta gutxi dagoenez, ondo kotizatu da bentan”. Martitzenean [martxoak 24], esate baterako, 300 kaxa inguru ekarri zituzten (3.000 kilo), eta 5,50 eta 6,80 euro bitartean saldu zen bentalekuan. Antxoa nahikoa txikia izan zen, kiloan 70 alekoa.
Gaur [martxoak 26] ere, antxoa gutxi porturatu dute arrantzaleek. Goizeko lehen ordutarako 240 bat kaxa antxoa saldu dira.
Arrantzale eta erosleak arrain laginari begira kofradian
Antxoa eta berdelaz gain, aspaldiko partez sardina asko ekarri dute azken egunotan. Martitzenean [martxoak 24], batez ere, freskorako saldu ziren 110.000 kilo porturatu zituzten arrantzaleek Ondarroan. Merke saldu zen, 45 eta 60 zentimo artean. Tamainari dagokionez, denetarikoa izan zen; tartean, parrotxa eta handia nahastuta ekarri zituzten, kiloan 20 eta 24 alekoa.
Gaur [martxoak 26] ere, arrantzatu dute sardina. Lehen ordurako 1.000 bat kaxa saldu dira, eta tamainaz handiagoa izan den sardina zer edo zer garestiago saldu da. Euro bat eta 35 zentimo artean ordaindu dute erosleek bentan.
‘Nuestro padre Tonino’ ontziko arrantzaleak arrain lagina porturatzen
Martitzenean [martxoak 24], bestalde, urreburua eta erla ere prezio oso onean saldu ziren. 1.200 kilo urreburu ekarri zituzten eta horiek 8,90 eurotan saldu ziren, bataz beste.
Libe ontziak, aldiz, erla ere ekarri zuen; 10.000 kilo inguru denetara. Bataz beste, 6,23 eurotan saldu zen erla.
ASTEKO ARRAINA
Martxoak 23, astelehena
- Berdela. 16.800 kilo: 0,53 euro, bataz beste.
Martxoak 24, martitzena
- Antxoa. 3.000 kilo: 5,95 euro, bataz beste.
- Berdela. 54.000 kilo: 0,51 euro, bataz beste.
- Betandia. 13.500 kilo: 0,77 euro, bataz beste.
- Boba. 13.000 kilo: 0,45 euro, bataz beste.
- Erla. 10.000 kilo: 6,23 euro, bataz beste.
- Urreburua. 1.200 kilo: 8,90 euro, bataz beste.