Larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatu dute etzi, Ondarroan
Iparra Galdu Baik plataformak deituta, 'Berandu baino lehen, preso gaixo larriak etxera' lelopean manifestazioa egingo da. Gutun kanpainan 5.000 atxikimendutik gora jaso dituzteIbon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra «lehenbailen etxeratze...
Iparra Galdu Baik plataformak deituta, ‘Berandu baino lehen, preso gaixo larriak etxera’ lelopean manifestazioa egingo da. Gutun kanpainan 5.000 atxikimendutik gora jaso dituzte
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra «lehenbailen etxeratzeko» eskatuko dute etzi Ondarroan egingo den manifestazioan. Berandu baino lehen, preso gaixo larriak etxera lelopean Alamedatik irtengo du manifestazioak, 13:00etan.Manifestazioa Iparra Galdu Baik plataformak deituta egingo baldin bada ere, hainbat norbanakok ere euren babesa eman diote. «Hasiera batean Lea-Artibai mailako deialdi bat egitea zen gure asmoa, baina azkenean dei zabal bat bihurtu da», azaldu du Ane Miren Barrenetxea Iparra Galdu Baik plataformako kideak.
Manifestazioak, hain zuzen ere, azken hiru asteotan plataformak martxan jarritako gutun bidalketa kanpainari amaiera emango dio. «Ibonen egoera estutzen ari zela ikusita, alarma piztu eta gutun kanpaina abian jartzea erabaki genuen. Kanpaina ere eskualde mailan egiteko asmoa genuen, baina sare sozialen bidez berria azkar zabaldu da, eta Euskal Herri mailan ez eze, Madrildik ere jende taldeak euren kabuz hasi dira gutunak batu eta bidaltzen».
Plataformako kideak harrituta daude kanpainak izan duen dimentsioagaz. Konturatu gabe, hainbat herri eta auzoetan gutun asko batu direla nabarmendu dute. Oro har, 5.000 atxikimendutik gora jaso dira, eta astea amaitzerako, oraindik ere gehiago batzea espero dute. Gaur iluntzean, esate baterako, Markina-Xemeinen eta Donostiako Antigua auzoan gutunak sinatzeko mahaiak ipiniko dira.
Osasun egoera, gainbehera
2014ko martxoaren 7an atxilotu eta berriro espetxeratu zutenez geroztik, presoaren osasunak okerrera egin duela jakitera eman dute hare senideek.
Gaixotasun sendaezina du ondarrutarrak; oso garatua eta larria den 3C estadioko Hiesa du. Gaixotasunak berak, gainera, hainbat ondorio eragin dizkio. Batez ere, buruari eta bere izateari eragin dioten arazoak dituela azpimarratu du haren anaiak. «Arazo kognitiboak eragiten dizkion leukoentzefalopatia du. Haren ondorioz, prozesuak garatzeko gaitasuna mugatua du, esaterako. Ikusmena ere asko galdu du, eta orain momentuan ezin du irakurri».
Urtebetetan 10 kilo galdu ditu, eta bere defentsek ere nabarmen behera egin dute espetxean daraman denboran. Iaz 500 inguruan zituen, eta orain 150 inguruan ditu defentsak (pertsona osasuntsu batek 1.500-2.000 inguruan izaten ditu). Defentsak jaisteaz gain, karga birala ere asko igo zaio.
Senideak ez eze, presoa bera ere bere osasun egoeragaz oso arduratuta dago. «Erabat ahulduta dago orain momentuan, infekzioen menpe. Bere gorputzak infekzioei aurre egiteko ez du nahikoa defentsarik. Ibon bera ere bere osasun egoeraz jakitun dago. Zerbait gerta liokeen beldur da, eta egunero gutxienez behin deitzen hasi da. Ez duen deitzen egunean zerbait gertatu zaiola esan nahiko du».
Horrez gain, konfiantzazko medikuak ematen dizkion sendagairik hartzeko aukerarik ez du eduki urte osoan. Urtebete eta gero, astelehenean eman zizkioten sendagaiak. Azken urtean, gainera, azterketa medikuak gutxitu egin direla salatu dute senideek.
Erantzunik barik
Azken urtean Basauriko, Navalcarneroko eta Alcala Mecoko espetxeetan egon da preso ondarrutarra. Tarte horretan, lau jipoi, lapurretak eta hainbat eraso jasan dituela aitortu dute.
Azken asteotako modulu aldaketa eta gero, presoa zer edo zer lasaiago ikusten dutela jakitera eman dute haren senideek. «6. moduluan gertatzen ari zitzaion guztia eta gero, zerbait gerta liokeen beldur zen».
Esparru jurikoari dagokionez, Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako epaileak iraila bukaeran emandako erabakiak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu dute senideek. «Ibonek gaixotasun larri bat duela onartu baldin badu ere, kartzelan mantentzea erabaki dute. Beraien ustez, erakundeagaz oraindik ere lotura daukalako, jarrera desegokia eta ez duelako inolako damurik erakutsi».
Castro epaileak hartutako erabakiaren berri eduki zutenean, haren aurkako helegitea aurkeztu zuten, eta sei hilabete beranduago erantzun barik jarraitzen dute.