Arropaz eta janariz betetako kaxak palet-etan.
Bi urtetan bildutako janari, arropa, sendagai, pixoihal, konpresa, ume kotxe, olio, puzzle, josteko makina, inkubagailu, protesi, eta bendak bidaliko ditu Lea-Artibaiko elkarteak, beste batzuren artean, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Orain arte janariak bidaltzeko karabanagaz bat egin du Sahelak, baina, beste proiektu batzuk ere badituzte martxan eta horiek aurrera jarraitzeko materiala ere bidali nahi dute oraingoan.
Guztira 6 tona janari batu ditu Sahelak. Markina-Xemeinen 760 kilo janari batu dituzte aurten, Lekeition ia 800 kilo, Ispasterren 580 kilo, Ean 170 kilo eta Aulestin 300 kilo. Horiek guztiak kaxetan sartu eta paletak osatzen dabiltza, gero kontainer-ontzian bidaltzeko.
Janariagaz gain , josteko makinak ere joango dira kontainer-ontzian. Ispasterren proiektu berezi bat daukate Farsian dagoen Emakumeen josteko tailerrari laguntzeko, eta josteko bost makina bidaliko dituzte bertara.
Maiatzean
Sahelako kideek azaldu dutenez, medikamentuak ere behar izaten dituzte, eta eurekin batera inkubagailu bi eta protesiak ere joango dira kontainer-ontzian. Protesiek zauririk ez egiteko bendak ere lekua dute kaxetan. “Lekeitioko andrak eskuz egindakoak dira, kotoiagaz”, azaldu dute. 200 biribilki prestatu dituzte Lekeitioko emakumeek Sahararako. 600 aspirina kaja ere bidali nahi dituzte, baina ez dakite horretarako aukera izango duten, janari eta medikamentu batzuk bidaltzea debekatuta dagoelako. Atun latekin ere berdina gertatzen zaie esate baterako, eta ez dute erabaki zer egin.
Umeen premiei begira ere, hainbat izango dira, bidaliko dituzten elementuak. Jaioberrientzako erropak eta ume kotxe tolesgarriak bai eta pixoihal tona bat ere. “Lekeitioko Ikastolak 500 puzzle ere eman ditu eta ludotekarako materiala ere lortu dugu herritarrei esker”.
Kontainerra maitzean bidali nahi dute Saharara, eta Dajla dute helburu. “Urrunen dagoen kanpalekua da, eta gauza gutxien dutena”, azaldu dute.
Olioa, janaria eta arropak batu dituzte besteak beste.
Materiale gehiena kaxetan sartuta daukate Sahelako kideek, eta paletak osatzen dabiltza orain, eta horiek guztiak sartu beharko dituzte kontainer ontzira gero. Horretarako baina, herritarren laguntza beharko dutela nabarmendu dute Sahelako kideek. “Guk bakarrik ezin izango dugu”.
Esker ona
Laguntza eman duten guztiei eskerrak eman dizkie Sahelak. “Aurten janari asko bildu dugu”, esan dute pozik. “Eskerrak eman nahi diegu bai eta Erabil enpresari eta Lekeitioko kofradiari ere, kaxak eta paletak eramateko orgak uztearren”.
Gabonetako otzaratik, Santo Tomas eguneko tabernatik, eta loteria salduaz lortu dute kontainer-ontzia bidali ahal izateko dirua. Hala ere justu ibiliko dira eta laguntza guztia eskertuko dute. Sahelak kontu korrote bat dauka Caixan laguntza eman nahi dutenentzako:
2100 3938 20 0100029493.