Plazaola eta Navarro bikoteak finala jokatuko du domekan. Argazkia: Trinkete
X. Beteranoen eskuz binakako txapelak jokoan, emozioz betetako da domekan, martxoak 29, Lekeitioko trinketea. Azken bost urteetan finalean egon diren Arroitajauregi iurretarrak eta Arrate lekeitiarrak aurkari gogorrak izango dituzte aurrez aurre: Plazaola azkoitiarra eta Navarro amorotarra. Azken biak, bata txapelketan berria eta bestea beteranoa, aurtengo ezuztekoa izan dira. Bikote orekatu eta lehiakorra osatu dute eta garaipenak kateatuz joan dira.
Joan den domekan ere partida ikusgarria eskaini zuten Plazaolak eta Navarrok. Telleria eta Bastidari 30 eta 20 irabazi zieten azkoitiarrak eta amorotarrak, tanto bikainak eginda eta defentsa ona erakutsita. Txapelketa ikusgarri baten ostean, finalera merezimendu guztiagaz ailegatu dira.
Garaipena ez dute baina, erraz edukiko. Arroitajauregi eta Arrate beteranoak dira finaletan, eta azken hiru urteetan txapelak jantzi dituzte.
Finala 12:00etan jokatuko bada ere, aurretik 5. eta 6. postuak eta 3.ena eta 4.ena lehiatuko dira.
10:00etan hasiko da 5. postua lortzeko norgehiagoka. Jaunarena eta Foster daude alde batetik eta Beraza eta Etxebarria bestetik. Bikote biak indartsu aterako dira trinketeko kantxara garaipenaren bila.
3.en eta 4.en posturako norgehiagoka, berriz, Telleria eta Bastida eta Moral eta Lakaren artean izango da. Moral, lekeitiarrak eta Laka mendexarrak txapelketa bikaina egin dute eta aurkari indartsuak izango dira. Telleria lekeitiarra eta Bastida elgoibartarra iazko finalean egon ziren, eta beraz, aurten 3.en postuari eutsi nahiko diote.