Foru aldundiak 8 milioi euro inbertituko ditu Elkartegian
Busturialdean enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko Elkartegia eraikitzeko lanak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Enpresa elkartegia izango dena Malta mahai-tresnen fabrika zegoen solairu horretan eraikiko du.Horretarako, 8,2 milioi euroko inbert...
Horretarako, 8,2 milioi euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi du Ekonomia sustatzeko sailak. Azpiegitura berri horrek enpresak erakarri gura ditu, horretarako erraztasunak emanez.
Aldundiak azaldu duenez, Gernika-Lumoko Elkartegiak enpresa ekimen berriak edota, start-up-ak zein dagoeneko finkatuta dauden industria proiektuak hartuko ditu.
Azpiegitura berri horregaz erraztasunak eman nahi dizkiete enpresei, Busturialdean koka daitezen. Horretarako, Aldundiak 10.648 metro koadro eskainiko ditu Maltako orube horretan.
Espazioa eta aholkularitza
Elkartegiak industria moduluak zein bulegoak izango ditu. Hain zuzen, 14 bulego-modulu, 20 industria-modulu eta ekintzaileentzako gela bat bilduko ditu bere baitan. Azken horretan, gainera, 11 proiekturentzako lekua izango da.
Instalazio berrietan, gainera, bilerak egiteko bost gela, hitzaldi areto bat eta erakusketa gela bat aurreikusi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
Azken finean, hurbil izango duten lanerako espazioa eta aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua eskainiko die elkartegiak ekintzaileei eta enpresa txiki eta ertainei.
Ekintzailetza suspertu
Bizkaiko Foru Aldundiaren iritziz, Gernika-Lumoko Elkartegiak Busturialdeko industriaren bihotzean datzan izpiritu ekintzailea suspertzen lagunduko du. Enpresa ekimen berritzaileak garatzeko diseinatuta dago. Hala ere, zehaztu dutenez, ekintzaileei eta gizarte berrikuntzara bideratutako enpresei zuzenduta dago, batez ere.
Hala, honako sektore hauei emango diete lehentasuna Gernika-Lumoko Elkartegian: aeronautikagaz lotutako enpresei, sektore aeroespazialari, industria sortzaileei, kulturalei, gizarte-enpresa berritzaileei, diseinu industrialari eta automobilgintzari.