Gizakien izpirituari gorazarre
Erretratuak, aurpegiak, eskuak, euskal nortasuna, zezenketen mundua... Olio pinturak eta bi eskultura dakartza Juan Humaranek Euskal Herria museora.Honelako lanetan aritzen garenok batzuetan harrotu egiten gara; begi bistakoa den antzekotasuna lortzeaz...
Erretratuak, aurpegiak, eskuak, euskal nortasuna, zezenketen mundua… Olio pinturak eta bi eskultura dakartza Juan Humaranek Euskal Herria museora.
Honelako lanetan aritzen garenok batzuetan harrotu egiten gara; begi bistakoa den antzekotasuna lortzeaz aparte, margotutako pertsonengandik zerbait gehiago erakusten dugula uste dugulako».Erretratuek hartzen dute protagonismoa Juan Humaran artista bilbotarrak Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan ipini duen erakusketan. Aurpegiak, espresioak, begiradak eta keinuak… Bi kontinenteren artean du goiburu Humaranen obren laginak. Olio pinturak dira gehinak museoaren erakusketa gelan, eta bi eskultura ere ekarri ditu Gernika-Lumora. 1977 eta 2011 urteen artean sortutako obrak dira ikusgai daudenak.
Figurazioari jarraituta, itzalen eragina nabaria da bere margoetan, eta, zokondo txikietatik, bere margolanetan gizakiaren izpirituari gorazarre egiten diola esan ohi da.
Eskuak gustuko
Bi kontinenteren artean da obra multzoa, eta hainbat mundu islatzen ditu artistak Euskal Herria Museoan erakusten ipini duen laginarekin. Gazte zein nagusi, aurpegi eta erretratuak, irribarreak eta keinu ilunak, baserritarrak, toreatzaileak edo pilotariak… Zeinek bere lekua du erakusketan.
Eskuek ere protagonismoa hartzen dute eraikinaren teilatupean dagoen erakusketa gelako horma zati batean. Umeena eta nagusiena, elkar helduta gehienetan, eskuak erakusten dituzten sei margolan, guztira.
Eta azalpena ere eman du artistak: «Nire ustez, eskuak pertsonen ispilu dira». Juan Humaranek dioenez, eskuek laztandu egiten dute, agurtu… «Eta beste hainbeste gauza ere egiten dituzte». Pertsonalki esku denak maite dituela dioen arren, baten batzuk kuttun dituela ere adierazi du.
Apirilaren 19ra arte
Joan den asteko martitzen iluntzean egin zuten Humaranek Euskal Herria museora ekarri duen erakusketaren inaugurazio ekitaldia, eta apirilaren 19ra bitartean ikusgai izango da, aldi baterako erakusketa gelan.
Martitzenetik zapatura eta jaiegunetan goizez eta arratsaldez bisita daiteke erakusketa, eta goizez domeketan.