
Josune Baskaran, Berdintasun zinegotzia.
Lau urterako berdintasun plana onartu du Markina-Xemeingo Udalak, 2015etik 2018ra. Zeregin guztiak zehaztuta daude, eta bi koordinazio mahai sortzea izango da aurtengo helburua. Berdintasun zinegotziak azaldu du prosezu guztia.
Zer da berdintasun plan bat?
Udalaren neurri multzo bat benetako berdintasunera bidean pausuak emateko. Helburua da Markina-Xemeingo emakume eta gizonen berdintasunera ailegatzea. Denok dakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko eta helburua bide horretan irizpide batzuk markatzea da.
Berdintasun plan bat egiten den lehenengo aldia da. Zelan eta non nabari zenuten falta hori batez ere?
Orain dela lau urte, gobernu aldaketa egon zenean, arlo horrek zinegotzi zehatz bat eduki behar zuela ikusi genuen. Zinegotziaren ostean batzorde bat sortu genuen, eta batzordearen hasieran elkartzen hasi ginen herritar multzoak genuenari erantzuten saiatu ginen. Markina-Xemeingo eta Ondarroako nerabeek zuten indarkeriaren pertzepzioagaz ikerketa bat eginda zegoen eta erantzun bat ematen hasi ginen; horretarako egin genuen Hezkidetza Plana. Apurka-apurka genituen premiei erantzuten joan ginen: guraso eskolak, tailer batzuk, hitzaldi batzuk, martxoaren 8a, azaroaren 25a. Baina, konturatu ginen garrantzitsua zela udalak arlo honetan norabide bat edukitzea. Argi edukitzeko ze bidetatik joan behar duen. Plan batek asko laguntzen du bidea markatzen eta egin behar zela ikusi genuen.
Zeintzuk izan ziren plana osatzeko eman ziren hasierako pausuak?
Batzordetik proposamen ezberdinak eskatu genituen lehenengo. Eskatutako proposamenetatik bat aukeratu genuen, eta proposamen hori benetan Markina-Xemeinera egokitzeko zapatuetan ere bilerak egiten ibili ginen batzordeko kideok. Elhuyarrek egin zigun proposamen bat, baina guk ikusten genuen gure herrian beste era batera izan behar zela. Aldaketa horrek guztiak egin genizkion, eta planaren diseinuaren zirriborroa Elhuyar eta batzordearen artean adostu genuen.
Herritarrek ere parte hartu dute planean.
Zirriborroan bertan azpimarratzen ziren pausuak. Lehenengo diagnostiko bat egin zen, eta horretarako arloz arlokako bilerak egin genituen. Zortzi arlo landu ziren, eta arlo bakoitzeko eragileak eta norbanakoak gonbidatu ziren bileretara, bai eta gaiaren inguruan interesa zuten herritar guztiak ere. Esate baterako enplegu eta gizarteratzearen gaineko bileran Azaro, Lanbide eta herriko merkatariak batu ziren beste batzuren artean; emakumeen lantaldea egin zenean, adin ezberdinetako emakumeen ikuspuntuak batu ziren; kirolean, eskola kirola eta guraso elkarteak; hezkuntzan, ikastetxeak, guraso elkarteak, eta aisialdi taldeak. Ahalik eta esparru zabalena biltzen saiatu ginen.
Zelakoak izan ziren bilerak?
Bi orduko lan saioak egin ziren herritarrekin arloz arlo, eta gero udal barruan, langile eta politikariekin beste bi orduko lan saio bat egin zen. Horregaz denagaz osatu zen diagnostikoa. Ondoren, parte hartu zuten guztiei bidali zitzaien diagnostikoa eta udaleko web orrialdean ere eskegi genuen nahi zuenak irakurri eta proposamenak egiteko. Hori amaitu genuenean, hasi ginen planaren diseinuagaz. Planaren diseinuan bi saio egin genituen. Lehenengo saioan diagnostikoaren aurkezpena egin zen eta berdintasun plan bat zelan egiten dan zehaztu zen. Berdintasun plan bat Emakunden adarren arabera egin behar da, eta hurrengo saioan, beraz, herrian geneuzkan proposamen denak adar horren barruan egokitu genituen. Hori egin eta gero herritarrekin lan saio bat egin genuen udaletxean eta gero bakoitza noiz egingo zen zehaztu, aurrekontua zein izango zen zehaztu, arduraduna zein izango zen erabaki, eta noregaz egingo zen lankidetza erabaki genuen. Bera plana sartu zen tokatzen zaion eskeman.
Plana zehaztuta, zeintzuk izan ziren azken pausoak?
Plana bialdu egin zitzaien herritarrei, proposamena jaso eta gero aurkeztu egin zen. Aurkezpena eta gero Emakunderi bialdu zitzaion ea hobetzeko proposamenik zeukan, eta gurea ontzat eman zuen. Horregaitik egon zen horrenbeste denbora osoko bilkurara eraman arte, Emakundek errepasatu behar zuelako.
Herritarren erantzuna ona izan da, beraz?
Jendeak prozesuan eman duen erantzuna izan da abersagarriena. Diagnostikoan eta planean guztira, esparru guztiz ezberdinetako, 80 bat pertsonak hartu zuten parte. Jende guztiz ezberdina gaiaren inguruan batu da. Sare bat osatu da.
Markina-Xemeingo Berdintasun Planak zer jasotzen du. Zeintzuk dira bere puntu garrantzitsuenak?
Lau urtetako plana izango da 2015etik 2018ra. Lau ardatzetan banatzen da plana eta lau ardatz horietan sartu dira herritarren proposamenak. Ekintzak zehazten dira eta horiek lortzeko zeintzuk arlo inplikatu behar diren azaltzen da. Arlo guztiak egon behar dira inplikatuta. Indarkeriaren inguruan protokolo baten falta ere agertzen da. Hori osatzeak planaren besteko lana eskatzen du, orduan, lehenengo planari ekin eta 2016an berriro protokoloaren prosezuan sartzea aurreikusi da. Prozesua interesgarria izan zen baina bai eta neketsua ere. Interesgarria izan zen emaitzetan. Orain herrian, zer edo zelan, gaiaren inguruko sare bat dagoela nabaritu dutela esaten zuen jendeak balorazioetan, eta niretzako hori izan da politena. Berdintasun plan parte hartzaileak lortu duen gauzarik hoberena hori da: danon arteko harremanak sendotzea, elkar ezagutzea eta gaiaren inguruan dauden sentsibilizazioak eta indarrak batzea.
Behin plana eginda, zelan kudeatuko da dena?
Udaletxean berdintasunerako unitate bat egotea proposatzen da, sailen arteko koordinazio mahai bat, eta gero herrian berdintasun kontseilu bat egotea. Orain arte batzorde bat egon da, baina orain ikusten da bi esparru egon behar direla. Udaletxean bat zeharkakotasuna lortzeko eta dena koordinatzeko eta herrian beste bat bakoitzak bere esparrutik zelan erantzun ikusteko. Zinegotziak bietan egon beharko du, eta bi eremuak lotuta egon beharko dira. Teknikari baten premia ere ikusten da gai horren inguruan laguntza teknikoa beharrezkoa delako.
Gaur egun Markina-Xemeinen gai horren inguruko teknikaririk ez dago.
Ez dago teknikaririk eta formakuntza jaso dugunean behar hori agertu da. Aditu bat behar da laguntzeko.
2015erako zer da egiteko dagoena?
Unitateak edo bi koordinazio mahai horrek sortzea. Hortik hasiko dira gero, agertu diren premiei erantzuten. Gehien agertzen dena da foruak sortu eta formakuntzagaz hastea.
Non aurkitu dezakete herritarrek Berdintasun plana?
Plana udaleko web orrian egongo da eskegita, eta nahi duenak udaletxera etorri eta paperean ere eskatu ahalko du. Planean parte hartu zutenei korreo elektronikoz bidaliko zaie eta gure asmoa ale bana Uhagonen edo herri bibliotekan uztea ere bada, nahi duenak irakurri ahal izateko.