Salba dezagun Antxustegi plataformako kideek urte bi daramate dagokien erakundeei azalpenak eskatzen, baina euren esanetan ez dute erantzunik jaso. “Denbora guzti honetan gezur asko esan dizkigute eta horiek argitu arte ez dugu amore emango. Beharrezkoa baldin bada Europear Parlamentura jotzeko prest gaude. Ondarearen inguruko larrialdi dei bat egitera goaz, ez dugu nahi berriro horrelakorik gertatzea eta”.
Ontziaz arduratu ez diren erakundeei «gauzak ez direla horrela egiten» ohartarazi nahi die Bruselan. Plataformako kideak egiten ari diren eskaerak aurrera doaz, eta txostenak “bide onean” helarazten ari dira.
Denbora aurka
Konponbideak behar dituzte, eta horiek ahalik eta azkarren lortzea ezinbestekoa dute. Izan ere,
Antxustegi egurrezko azken atunontzia usteltzen ari da, eta ezer egin ezean, “betirako galduko” dela beldur dira.
Bien bitartean, han eta hemen indarrak batzen jarraitzen dute plataformako kideek. Ondarroan, esate baterako, sinadura bilketa egiten dabiltza. 2.000 atxikimendutik gora jaso dituzte jada. “Hau ez da gure familiaren kontua bakarrik, jendarte osoaren kontua bihurtu da”.
Iaz Antxustegiren aurrean egindako lore eskaintza. Argazkia: Salba dezagun Antxustegi
Euren kasua Eusko Legebiltzarrera eta Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman dute, eta alderdi askoren babesa jaso badute ere, erantzunkizuna duten erakundeen aldetik ez dute ezer berezirik lortu.
Horren guztiaren harira, aurreko astean
Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatuak azalpenak eman behar izan zituen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Plataformaren ustez, Aldundiak eman dituen datu asko ez daude bat ere argi. “Ontzia museoan ez mantentzeko eman dituen arrazoi horiek guztiak agiri eta fakturekin froga dezala nahi dugu. Non dago gastatu zuten diru guztia? Diru hori bizkaitor guztiona da”.
“Hanka sartze handiak”
Bilboko Itsasadarra itsas museoari eta erakundeei, oro har, “erantzunkizun eza” onartzeko eskatzen die. “Hanka sartze handiak egin dituzte eta horiek onartu beharrean, askotan gezurra gezurraren gainetik entzun behar izan behar dugu”.
Erakunde batzuek museoak egin duen “kudeaketa eskasa babestu” eta Antxustegi familiaren aurka agertu direla ere salatu nahi izan du plataformak. “Ontziaren egoera eskasaz kexatu gara bakarrik, eta horren ordainetan sekulakoak eta bi entzun behar izan ditugu”.
Elkarrizketa-Sabin-Antxustegi-eta-Xabier-Laka