Arroitajauregik eta Arratek jantzi dituzte berriro, trinketeko txapelak
Arroitajauregik eta Arratek puntua hartu diote Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketari. Plazaola eta Navarrori 30 eta 17 irabazita iurretarra eta lekeitiarra izan dira aurten ere Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketaren garaileak. Bost u...
Zapatu gauean hasi ziren finaleko prestaketak. Hezetasuna agerian zegoen kantxan, eta denbora aldatzea espero zuten antolatzaileek kantxaren egoerak hobera egiteko. Baina, domeka goizean zirimiria egin zuen, eta, beraz, jardunaldia mantentzeko asmoz, zerrautsa zabaldu zuten kantxan lurzorua sikatzeko. 10:00etarako dena zeukaten prest, eta 5. eta 6. postuen norgehiagoka hasi zen.
Hasiera batean indarrak berdinduta ziruditen arren, azkenean, Berazaren eta Etxeberriaren urteetako esperientzian egon zen gakoa. Elgoibartarrek, momentu gogorretan eusten jakin zuten, eta garaipena lortu zuten Jaunarena eta Fosterri 30 eta 21 irabazita. Fosterrek oinutsik jokatu zuen irrist ez egiteko, eta horregatik, finaleko jokalari umoretsuenaren saria eman zioten antolatzaileek.
Kantxari zerrauts gehiago botata hasi zen 3. eta 4. postuak lortzeko lehia. Iazko finalistek Plazaola mallabiarra eta Bastida debarra ez zuten ezustekorik nahi izan, eta serio jokatu zuten garaipena eskuratzeko. Lepuko minagaz zegoen Moralek eta Lakak ezer gutxi eduki zuten egiteko. Bastidaren pilotakadei esker, erraz nagusitu ziren mallabiarra eta debarra.
Finala
Plazaolak eta Navarrok atera zuten ikusmin handia eragin zuen finaleko lehen sakea, eta horri esker aurretik jarri ziren markagailuan. Hala ere, seigarren tantora arte iraun zuen abantailak. 7ko berdinketaren ondoren partidua bere egiten hasi zen Arroitajauregi, eta pilota atzeraino bidaltzen hasi zen Navarroren kalterako. Tantoz tanto, gorriak abantaila hartzen joan ziren.
56 urtegaz bere bosgarren txapela jantzi duen Arrate lekeitiarrak sasoian dagoela erakutsi zuen. Txokoko dejadetara heldu zen, eta Plazaolari erremateak egitea saihestu zion pilota bere eskuetatik urrun utziz. Sake ertain eta zabaleko jokoan maisu lana egin zuen Arroitajauregik, eta finaleko pilotari onena izendatu zuten.
Miriam Otazua Lekeitioko BBK-ko zuzendariak eta Jon Onaindia Burdinola enpresako ordezkariak banatu zituzten X. txapelketako sariak.