Buruko osasunerako eguneko zentroa Gernikara lekualdatu dute
Gernika-Lumoko anbulatorioan hasiko dira arreta ematen, gaurtik aurrera. Zerbitzua hobetzeaz gain, arreta jasoko duten pazienteen kopurua handitu egingo daBuruko osasunerako eguneko zentroak Gernika-Lumoko anbulatorioan izango du bere egoitza, gaurtik ...
Gernika-Lumoko anbulatorioan hasiko dira arreta ematen, gaurtik aurrera. Zerbitzua hobetzeaz gain, arreta jasoko duten pazienteen kopurua handitu egingo da
Buruko osasunerako eguneko zentroak Gernika-Lumoko anbulatorioan izango du bere egoitza, gaurtik hasita. Psikiatriako kontsultak, emaginaren gela eta errehabilitaziorako gela hartuko ditu eguneko zentroak, zerbitzu horiek orain Gernika-Lumoko ospitalean ematen dituztelako.Orain arte, Bermeoko ospitale psikiatrikoak hartu izan du buruko gaitzak dituztenentzako eguneko zentroa.
Aisialdirako eta elkarrekintzarako gela bat, sukaldea eta kontsulta gelak izango dituzte, besteak beste, Gernika-Lumoko anbulatorioko instalazio berriek. Gainera, eguneko zentroa hartzeaz gain, Gernika-Lumoko anbulatorioan TAK taldeak (Tratamendu Asertibo Komunitarioa) baliabide profesionalak bikoizteko aukera izango du. Hain zuzen, zailtasun handiagoak dituzten pertsonei etxean arreta emateaz arduratzen da TAK taldea. 2014an 30 paziente artatzen zituen talde horrek, egunean; 2015ean, aldiz, 70 pazienteri arreta emateko moduan egongo dira. Gainera, zerbitzua Gernika-Lumoko instalazioetan zentralizatuta egoteak bi azpitalde antolatzeko aukera ematen du (TAK1 eta TAK2), arlo espezifikoei arreta emateko, lekualdatzeetarako behar duten denbora optimizatuz.
Arreta gertuago
Eguneko zentro hori Gernika-Lumora lekualdatuta, eguneko ospitale psikiatrikoaren zerbitzua zabaltzeko aukera ematen duela aipatu zuten atzo Osakidetzako arduradunek. Gernika-Lumoko anbulatorioko instalazioetan egon zen, besteak beste, Osakidetza euskal osasun zerbi- tzuko zuzendari nagusi Jon Etxeberria. Gernikako eguneko zentroak komunitateari arreta gerturatzeko bidea ematen duela esan zuen. Bermeoko eguneko ospitale psikiatrikoak 110 plaza zituela aipatu zuten atzo, eta 2015ean, Gernika-Lumoko eguneko zentroan 130 plaza inguru egongo direla zehaztu dute.
Era berean, eguneko ospitale psikiatrikoa Gernika-Lumoko osasun zentroan egotearen garrantzia ere azpimarratu zuten atzokoan. Aipatu zutenez, buruko gaixotasunen estigmatizazioaren kontrako borrokari lagun diezaioke horrek.
Barne-eskualdeko eguneko ospitale psikiatrikoak Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetako biztanleei emango die zerbitzua. Hala eta guztiz ere, Zornotzako zenbait paziente ere har ditzakeela esan zuten atzo, azken batean, «gertutasuna eta pazienteari erraztasunak emateko aukerak» ere kontuan eduki behar dituztela iritzita.