Ehunka pertsonek preso gaixoak etxeratzeko eskatu dute Ondarroan
Musika Plaza eta inguruak jendez bete ziren ekitaldi amaieran. Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak 6.000 atxikimendu inguru jaso ditu hiru asteanPresoen eskubideen aldeko aldarria entzun zen, beste behin ere, Ondarroako ...
Musika Plaza eta inguruak jendez bete ziren ekitaldi amaieran. Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak 6.000 atxikimendu inguru jaso ditu hiru astean
Presoen eskubideen aldeko aldarria entzun zen, beste behin ere, Ondarroako kaleetan, zapatuan, Berandu baino lehen, preso gaixo larriak etxera! lelopean. Ehunka euskal herritarrek egin zuten bat eskariagaz.Alamedatik hasita, larriki gaixorik dauden euskal preso politiko gaixoen eskubideen aldeko manifestazioa egin zen. Ibon Iparragirre, Txus Martin, Jose Miguel Etxeandia, Inma Berriozabal, Gari Arruarte, Aitzol Gogortza, Ibon Fernandez de Iradi, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Jagoba Codo, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Etxeberria gaixorik dauden presoak gogoan izan zituzten manifestazioan.
«Sufrikarioa» salatu nahia
Ekitaldia jendez gainezka zegoen Musika Plazan amaitu zen. Bertan, Iparra Galduk Baik plataformako Ane Miren Barrenetxeak eta Gotzon Iparragirrek (Ibon Iparragirre preso polikoaren anaia) hartu zuten hitza.
Hain zuzen ere, zapatuko manifestazioagaz Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrak azken urtean jasan duen «sufrikarioa» salatu eta preso gaixo larri guztiak «berandu baino lehen» etxeratzea exijitu nahi izan dutela nabarmendu zuen Barrenetxeak.
Era berean, aurreko asteko atxiloketak gaitzetsi zituzten. «Aste honetan presoen osasuna artatzen duten mediku eta profesionalean aurka bideratu den polizia operazioa gaitzetsi nahi dugu». Arratsaldean Donostian egin zen manifestaziora joateko deia luzatu zieten bildutako guztiei.
Presoen eskubideen aldeko borrokak inoiz baino «zentzu gehiago» hartzen duela azpimarratu zuen Gotzon Iparragirrek. «Etxerat eta Jaiki Hadiko kideen atxiloketek argi eta garbi uzten dute zelakoa den estatu espainiarreko agintarien benetako izaera. Bake eta elkarrizketarako inolako borondaterik ez daukate, eta eztabaida politikorako gaitasunik ezean, indarkeriak sortzen dituen miseriez elikatzen dira».
Zapatuan Ondarroan egin zen manifestazioa azken hiru asteotan burutu den kanpainaren helmuga izan zen.
Hiru astean Alcala-Mecoko kartzela zuzendariari, Espetxe Zaintzako epaileari eta Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiari 6.000 gutun inguru bidali dizkiete. «Hasiera batean eskualdera mugatutako ekimena izan bada ere, beste herri batzuetatik gutun ereduak eskatu eta euren kabuz abiatu dute ekimena. Eskertzekoa da euren laguntza, benetan».