Frontoia bete du zesta-puntak
Ihes egin die I. Berdel Afizionatuen txapelketaren finalak Gernika-Lumoko Barandikari eta Mutrikuko Andonegiri: 22-30 bukatu zen partida «lehiakorra»Hilabetez partidak jokatzen aritu ostean, joan den asteburuan lehiatu zuten I. Berdel Afizionatuen tx...
Ihes egin die I. Berdel Afizionatuen txapelketaren finalak Gernika-Lumoko Barandikari eta Mutrikuko Andonegiri: 22-30 bukatu zen partida «lehiakorra»
Hilabetez partidak jokatzen aritu ostean, joan den asteburuan lehiatu zuten I. Berdel Afizionatuen txapelketaren finala. Jai giro politean jende asko espero zuten antolatzaileek, eta espero bezala gertatu zen: frontoia bete egin zuten zesta-puntaz gozatzera bertaratutako herritarrek.Afizionatu mailako punta-puntako bi bikotek parte hartu zuten bertan: Barandika gernikarrak eta Aitor Andonegi mutrikuarrak osatutako bikoteak Alberro eta Inzaren aurka jokatu zuten. Finala 30 tantora jokatu zuten, eta emaitzak hala ez badirudi ere, «partida gogorra» izan zen zapatu gauekoa, Jon Mendizabal Danok Bat elkarteko kidearen arabera. Partida «lehiakorra» hartu zuen Mutrikuko frontoiak; Alberrok eta Inzak izerdi asko bota behar izan zuten garaipena eskuetan izateko. Azkenean, 22-30 bukatu zen norgehiagoka.
Gernika-Lumoko eta Mutrikuko bikoteak partida «ona» jokatu batzuen ere, besteak «bikote bezala hobeak» izan ziren, eta garaipena eskuratzea ahalbidetu zieten horrek. Bi bikoteek txapelketa oso ona jokatu dutela azaldu du Mendizabalek, eta txapela lortzeko lehia oso estua eta gogorra izango zela aurreikusten zuten. Hala izan zen; eta Barandikak eta Andonegik beraien maila eman arren, ez zuten txapela janzteko aukerarik izan.
Txapelketako 3. eta 4. postua ere jokoan izan zuten Berriatuko Alberdik eta Urangak osatutako bikoteak, Jon Goenagaren eta Lekerikaren aurkako partidan. 18 puntura heldu arte, partida «oso berdindua» izan zela aipatu du Mendizabalek, eta «partida nahikoa txukuna» egin zutela gaineratu du. Azkenean ere, Alberdi eta Uranga izan ziren 30 tantotara ailegatzea lortu zutenak; aurkariek 22 egin zituzten
Domekan zesta-punta gehiagoz gozatzeko aukera izan zen leku berean, frontoi berean; izan ere, Gipuzkoako txapelketaren eta Udaberri txapelketaren finalak jokatu zituzten. Kimuetan zumaiarrak nagusitu ziren Danok Bateko Eñaut eta Alainek osatutako bikotearen aurkako partidan: 25-17.
Goranzko joeran
Umeen mailan, berriz, Mutrikuk (Danok Bateko Zuhaitzek eta Aratzek osatutako bikoteak) lortu zuen garaipena Zumaiaren aurka, 30-21 eginda. Bikote biek, hala ere, «lan txukun, gogor eta emozioz betetakoa» egin zutela adierazi du Mendizabalek.
Azkenik, Udaberri Txapelketako finala jokatu zuten nagusiek. Zumaiak eta Hondarribiak jokatu zuten norgehiagoka, eta 35-8 egin zuten.
Asteburuko partidekin, beraz, «pozik» dira Danok Bateko kideak, bai eta frontoia betetzea lortu duten lagunekin ere. Gutxinaka zesta-puntak goranzko joera duela uste du Mendizabalek, eta horrek poztu egiten du.