Lea-Artibai bigarren geratu da BBK sariketan
Iazko garaipenari ezin izan dio eutsi aurten Lea-Artibaiko taldeak, eta lau puntuko aldeagatik bigarren geratu dira 23. Bertsolari gazteen BBK sariketan. Joan den eguenean jokatu zen Uribe Kostako eta Lea-Artibaiko taldeen arteko finala Bilboko Kafe A...
Saioa giro ezin hobean garatu zen. Aurkezlea Begoñe Olabarria Astobiza izan zen, eta epaimahaia Juanjo Respaldiza Ozaetak, Jurgi Fuentes Goikoetxeak eta Leire Etxebarria Gazteluk osatu zuen. Idazkari lanak Ione Narbaiza Gallastegik egin zituen.
Adin tarte bitan jokatzen da txapelketa, eta eskualde bakoitza maila batean nagusitu zen. Uribe Kosta nagusi izan zen 18 urtera arteko mailan, 153,50 puntu lortuta. Lea-Artibaik, berriz, puntu gehiago lortu zituen 19tik 24 urte bitartekoetan, 225 hain zuzen, baina ez ziren nahikoak izan garaipena eskuratzeko. 4 puntuko alde estuagaz izan zen garaile, azkenean, Uribe Kosta. 370 puntu lortu zituen Lea-Artibaik, eta 374 puntu talde irabazleak.
Sei bertsolari
Eskualde bakoitzeko sei bertsolarik egin zuten kantuan finalean. Lea-Artibairi dagokionez, Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Ruiz Urizar, Naroa Loiola Lejardi, Jone Larrinaga Dañobeitia, Alexander Idoeta Anakabe eta Nerea Ibarzabal Salegi irten ziren Kafe Antzokiko oholtzara. Uribe Kostako bertsolariak, bestalde, Maider Barañano Uribarri, Aritz Landeta Terceño, Unai Mendiburu Valor, Peio Arando Barandiaran, Paule Loizaga Legarra eta Inazio Vidal Gurrutxaga izan ziren.
Bizkaiera onenaren saria, beste alde batetik, Leire Amenabarri eman zioten, eta finalistarik gazteena Aritz Landeta izan da.
Leire Aragon BBKren Gizarte Ekintzako arduradunak, Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko trasmizio arduradunak eman zituzten sariak.