Leartikerren MyMat ideiak irabazi du Mendikute Rosario Elkartea_Azaro Fundazioa lehiaketa
21 enpresa aurkeztu dira Mendikute Rosario Elkarteak eta Azaro Fundazioak elkarlanean antolatu duten bigarren ideia lehiaketara eta 10.000 euroko dirulaguntza Leartikerrentzako izan da. Epaimahaia, Mendikute Rosario Elkarteko Jon Espillak eta Ainhoa Etxaburuk eta Azaro Fundazioko Ainara Basurkok eta Leire Mugerzak osatu dute. Epaimahaikideek, gainera, Jesus Egia eta Angel Toñaren laguntza ere izan dute irabazleen aukeraketa egiterako orduan.
Sari nagusiagaz gainera, beste bi ideia ere saritu dituzte, bakoitza 3.000 euroko dirulaguntzagaz, Mikel Eizagirre lekeitiarrarena eta Mitxel Zenarruzabeitia aulestiarrarena. Haurrei zuzendutako aplikazio informatikoen garapena proiektua aurkeztu du Eizagirrek eta Haurren elikadurarako ekologikoki transformatutako elikagaien elaborazioa proiektua, berriz, Zenarruzabeitiak.
Ideia hori aurrera ateratzen aurretik ere saiatu dela jakitera eman du Eizagirrek, “baina laguntza barik ez dut lortu”. Beste irabazle biek ere dirulaguntzaren garrantzia azpimarratu dute.
“Laguntza handi bat da, proiektuak gastu handia duelako eta oraindik gastatu behar duguna”, diote Leartikerrekoek.
Momentu honetan, hiru proiektu irabazleak egoera ezberdinetan aurkitzen dira, hala ere, guztiak aurrera jarraitzeko irrikaz eta ilusioz daudela azpimarratu dute.
Leartikerren MyMat (gehitze bidezko fabrikaziorako material funtzionalak)
Hurrengo bi asteetan lanzamendua egingo dute. “Lehenengo lotea bidalita dugu jada, filamentuak fabrikatzeko (piezak egiteko materiala) eta gure asmoa, hemendik bi aste eta erdira filamentuak bueltan jaso eta banatzaile ezberdinekin lanean hastea da”, azaldu dute. Webgunea ere martxan daukate, eta kontratu batzuk ere sinatu dituzte banatzaile batzukin. “Irteerako lerroan gaude, dena prest, egun batzuen buruan lasterketari hasiera emateko”, adierazi dute.
Haurrei zuzendutako aplikazio informatikoen garapena
Mikel Eizagirre lekeitiarra ere apurka-apurka badoa ideiari forma ematen. “Lehiaketara aurkeztu nintzenean lanik gabe banengoen ere, momentu honetan enpresa baten ari naiz lanean. Hala ere, nire proiektu hau ez dut atzean utzi nahi eta honi ere denbora dedikatzen diot: dokumentazioa bildu, bezeroak posibleak bilatzeko aukerak aztertu”, azaldu du.
Mitxel Zenarruzabeitia – Haurren elikadurarako ekologikoki transformatutako elikagaien elabroazioa
Mitxel Zenarruzabeitiak amaituta dauka berotegia eta landarak sartu eta produzitzen hasiko da. “Gero udazken aldera uztak jasotzen hasteko eta kontserbak prestatu, merkaturatzeko lanari ekiteko”, esan du.
Mendikute Rosario Elkartea eta Azaro Fundazioa pozik daude lehiaketan aurkeztutako proiektuen kalitateagaz eta elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dute. “Gure eskualdeko ekintzaile eta enpresekin lan egiten jarraituko dugu, bi erakundeon misioari jarraituz, eskualdean lanpostu berriak sortu asmoz, alegia” nabarmendu dute.