Pasealeku batek elkartuko du Lekeitioko kostaldea
San Juan Talako itsaslabarra eta Santa Katalina lotuko ditu udalak. Itsaslabarra egonkortuko dute, eta 432.663 euroko diru laguntza edukiko dute horretarako2014ko denboraleak batez ere, baina bai eta 2015ekoak ere, kalte handiak sortu zituzten Lekeitio...
San Juan Talako itsaslabarra eta Santa Katalina lotuko ditu udalak. Itsaslabarra egonkortuko dute, eta 432.663 euroko diru laguntza edukiko dute horretarako
2014ko denboraleak batez ere, baina bai eta 2015ekoak ere, kalte handiak sortu zituzten Lekeitioko itsaslabarrean, nagusiki San Juan Talako eremuan. Itsaslabarra egonkortzeko proiektua egin du Lekeitioko Udalak, eta, bide batez, lekeitiar askoren eskaria izan den egitasmoa aurrera eramango dute: San Juan Talako itsaslabarra eta Santa Katalina lotuko dituzte pasealeku baten bidez.Denboraleen kalteen ondoren, azterketa geologiko eta geoteknikoak egin zituen udalak, kalteen balorazioa egin eta itsaslabarra zelan konpondu jakiteko. Horren arabera interbentziorako proiektu bat egin dute. Proiektuak Lekeitioko itsaslabarraren berehalako egonkortzea zehazten du, eta horretarako 432.663 euro jaso dituzte Bizkaiko Foru Aldunditik konponketak ordaintzeko.
Bideak lotu eta egonkortu eta espazio publikoa berreskuratuko dute egingo dituzten lanen bidez. «Udalaren helburua itsaslabarra egonkortzea eta aisialdirako espazioa irabaztea da, kostaldea lotuko duen oinezkoentzako pasealekua finkatzea», nabarmendu dute. Orain, Kosta Zuzendaritzak eta udalak proiektua zehaztasun guztiekin finkatuko dute, baina, bien bitartean, Kosta Zuzendaritzako ingenieriak esku hartzen hasi dira eremuan.
Bide luzeko proiektua
Lekeitioko alkate Maitane Larrauri Fraile, alkateorde Pili Robles Barainka eta udal idazkari Jone Goitia Goienetxea Espainiako Itsasertz Mugarteko zuzendaritzara joan ziren 2014ko irailean gai ezberdinak lantzeko. Madrilen egindako bileran, Lekeitioko udaleko ordezkariek San Juan Talakon denboraleak sortutako kalteak egonkortu eta inguruaren berritze bat egitea proposatu zuten. Egitasmoa ontzat eman zuten zuzendaritzako ordezkariek, eta egokitzapena oso positiboki baloratu zutela zehaztu du udalak.