Busturialdeko Industrialdeak ezetza eman dio Ibarra birgaitzeko planari
Plana idazteko lehiaketa deitzeko eskatu dio Busturialdean Lan eta Bizi plataformak Gernika-Lumoko Udalari. Busturialdeko Industrialdea SAgaz bilera eskatu duIbarra industrialdea birgaitzeko plan berezia burutzearen ardura Gernika-Lumok bere gain hartz...
Plana idazteko lehiaketa deitzeko eskatu dio Busturialdean Lan eta Bizi plataformak Gernika-Lumoko Udalari. Busturialdeko Industrialdea SAgaz bilera eskatu du
Ibarra industrialdea birgaitzeko plan berezia burutzearen ardura Gernika-Lumok bere gain hartzeko eskatu du Busturialdean Lan eta Bizi plataformak. Eskualdeko hainbat eragile biltzen ditu plataforma horrek, eta hamabost urte daramatza Busturialdean bigarren sektorea biziberritzeko neurriak eskatzen. Gernika-Lumok «aukera zuzena duela» dio plataformak, «eta eskaria egin zuten hamar alkateen artean zegoelako Gernika-Lumokoa ere».Hain zuzen, Gernika-Lumoko udalbatzari eta alkateari berari egin die plataformak eskaria: «Denbora gehiago galdu barik, eskualdeko gehiengoan oinarrituta eta lehenengo urrats bezala, Ibarra industriagunea egokitzeko Birgaitze Plan Berezia idazteko kontratuaren lehiaketa publikoa berehala dei dezala, 2006ko Lurzoru legeak agintzen duen bezala».
Busturialdeko Industrialdea SAk Gernika-Lumoko industriagunean planik garatuko ez duela jakin berri dute eskaera hori egin zuten Busturialdeko hamar alkateek (EH Bilduren zortziak eta bi alkate independenteek).
«Harrituta»
Busturialdeko Industrialdea SAri egindako eskaria aho batez onartu zuten arren, elkarte anonimoak alkateei oraintsu eman dien ezetzak «harritu» egin dituela esan du Busturialdean Lan eta Bizi plataformak. «Badakigu erantzuna eman dutenak elkarte anonimoaren partaide diren Eusko Jaurlaritzako SPRI enpresa publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak direla; beraz, EAJren ordezkariak».
Orain urtebete eta erdi eskaria aho batez onartu bazuten bideragarri ikusi zutelako zen, plataformaren iritzian: «Eragingarriagoa da Ibarran inbertitzea, merkeagoa, errealagoa, eskualdeak behar duenari erantzuten diona, eta 1.800 lanpostu baino gehiago erakarri ditzake».
Beraz, elkarte anonimoaren ezetza jakin ostean, elkarte horretako arduradunekin bilera bat eskatu dute plataformako kideek: «Hamabost urte daramatzagu eskaera hori egiten, eta oraindik erantzun ofizialik guk ez dugu jaso».
Amaituta behar zuen
2013. urteko azaroan Busturialdeko hamar alkatek Busturialdeko Industrialdea SAri egin zioten Ibarra industrialdea Busturialdeko Industrialdea SAren jarduera eremuan sartzeko eskaera. Ibarrako 42 hektarearen Birgaitze plana garatzea onartu zuen Busturialdeko Industrialdeak, eta hamar hilabetetan amaituta behar zuen.