2012ko abenduaz geroztik, Aurrerako nagusien taldea entrenatzen dihardu Xepe Gallastegik (Eibar, 1956). Jokalari eta entrenatzaile legez, esperientzia handia du eibartarrak, eta aurten Aurrera lortzen ari den emaitza onak berari esker dira hein handi batean. Sei jardunaldiren faltan, lider da talde ondarrutarra.
Xepe Gallastegi Aurrerako gizonezkoen nagusien mailako entrenatzailea.
Denboraldia bigarren postuan hasi zenuten, eta Aretxabaletari aurrea hartu zeniotenez geroztik, liderrak zarete. Zelan ikusten duzu taldea?
Iaz taldea gogortu egin genuen, eta denboraldi polita egin genuen. Aurten, gainera, taldera jokalari onak bueltan etorri dira. Entrenatzaile batentzako jokalari onak edukitzea ezinbestekoa da; zortekoa naiz. Gauza guztiak ondo egin ahal dituzu, baina jokalari txarrak baldin badituzu, jai daukazu. Taldea bera ere, beharrerako oso gogotsu ikusten dut, eta hori ere oso garrantzitsua da. Taldean 23 jokalari daude, eta tamalez, denak zelaigunera jokatzera ateratzea ezinezkoa da. Bost bat jokalarik oso gutxi jokatzen dute, eta horien gogoa ere eskertzekoa da. Txalogarria da euren jarrera. Entrenatzaile batentzako taldean denak pozik ibiltzea oso garrantzisua da.
Taldean nolako giroa duzue?
Oso giro ona daukagu, gauzak irtetzen ari dira, eta pozik gaude. Jokatu diren 28 jardunalditik 21 irabazi ditugu, eta horrek zer edo esan nahiko du. Datu oso onak dira.
Eta teknikoki nolako taldea da?
Jokalari gutxi batzuk izan ezik, beste guztiak oso gazteak dira. Beharbada, ohorezko mailako talderik gazteenako bat izango gara.
Denboraldia bukatzeko gutxi falta zaizue…
Sei partida falta zaizkigu, baina garrantzitsuena azken txanpa hau da. Nik beti esan ohi dut garrantzitsuena azkenean datorrela. Orain arte egindako garrantzitsua da, baina hemendik aurrera datorrenak asko balio du. Denok ere itxaropentsu gaude, baina hankak lurrean eduki behar ditugu. Gutxi falta zaigu, eta guk gure eguneroko entrenamenduekin jarraituko dugu. Bien bitartean, jarraitzaileen berotasuna ezinbestekoa izango dugu.
Hortaz, jarraitzaileak Zaldupera hurbiltzea garrantzitsua da.
Entrenatzailea naizen aldetik, jarraitzaileen babesa garrantzitsua iruditzen zait. Jarraitzaile eta herritarrei, oro har, Zaldupera etortzeko dei zabala egin nahi diegu taldeko kide guztiok.Laguntasuna behar-beharrezkoa dugula deritzot. Herrian jokatzen dugun bakoitzean beti hurreratzen da jendea, baina azken txanpa honetan harmailak bete behar ditugu.
Gallastegi, Aurrerako armarriaren aurrean
Maila igotzeko zenbat partida irabazi behar dituzuen konturik atera al duzue?
Matematikoki lau irabazi beharko genituzke.
Mailaz igotzea lortzea zer litzateke zuretzat?
Oso ederra izango litzateke. Aurrera historia handiko klub bat da, eta talde asko ditu jokatzen. Egia esan, hemen atzetik lan egiten ari den talde tekniko handi bat dago, eta batzuetan horien guztien saria horixe da. Gauzak ondo egiten baldin badira, sariak lortzen dira, eta niretzat sekulakoa izango litzateke, ez sinisteko modukoa.
Mailaz igoz gero, zelan ikusten duzu taldea?
Maila gogorra da, hau baino askosaz gogorragoa da, baina taldean kalitate handiko jende asko dugu, eta horiek ere taldeagaz batera hazten doaz. Jauzi egiteko prest ikusten ditut, ondo moldatuko liratekeela uste dut.
Hurrengo sailkatuei dagokionez abantaila duzue. Igoera hurbil ikusten al duzue?
Ez dugu pentsatu behar abantailagaz jokatzen dugunik. Azken partida hauetan egoera berdintsuan gaudela pentsatu behar dugu, gerokoan ikusiko da zer emaitza lortzen ditugun. Egia esan, falta zaizkigun partidak oso gogorrak izango dira. Izan ere, denok dugu zerbait jokoan, eta ez da erraza izango: batzuk, igoera postuetan eta, beste batzuk, jaitsiera postuetan daude.
Zuok ez ezik, beste pare bat talde ere titulua lortzeko ahaleginetan gogor dabiltza, ezta?
Jendeak besteekiko abantaila handia dugula esaten digu, baina aurkari oso gogorrak ditugu. Bai Aretxabaleta baita Tolosa ere, denboraldi ona egiten ari dira, eta oso talde gogorrak dira. Horiez gain, Hernani ere oso ondo dabil, baina azken partidak galdu ondoren aukera gutxi ditu.