Lekeitioko EH Bilduko hautagaiak. Argazkia: Lekeitioko EH Bildu
Andoni Seijo Arrinda alkategaiak berak aurkeztu zuen lantaldea kultur aretoan egin zuten aurkezpenean. Herrian kulturgintzan, naziogintzan, politikagintzan zein beste arlo ezberdinetan dabilen jendea aukeratu dela aurreratu zuen. “Jende konprometitua da herriarekin eta herritarren arazoekin. Pertsona gazteak, zein helduak, udalean esperientzia zein hasi berriak direnak uztartu dira. Zortzi gizon eta zortzi emakume”, azaldu zuen.
2015-2019 agintaldirako aurkeztu duten lantaldeagaz gainera, udal programa azaldu zuen Lekeitioko EH Bilduk. Maria Eugenia Goitia Elordik eman zuen “Lekitto barrian hari gara” lemapean osatu duten programaren barri, eta aipatu zuenez, azken 3 edo 4 hilabeteetan lantalde bat ibili da programa egiten buru-belarri. “Programa egiteko orduan eragile ezberdin askoren eta norbanako askoren iritzi eta planteamenduak kontuan hartu dira eta gainera, bertaratuei herri programa papelean banatu zaie”, zehaztu zuen.
Egitasmoak
Herriko HAPOk premia handia duela aitatu zuen Maria Eugenia Goitiak, eta beraz, hurrengo agintaldian eztabaidatu, osatu, adostu eta onartuko dutela azpimarratu zuen. “Herritar bakoitzak badauka zer esan eta zer egin, nahiz eta guk udaletik bitarteko guztiak ipiniko ditugun horrela izan dadin”.
Parte hartzearen kultura bultzatzen jarraitu beharra dagoela ere aitatu zuen Goitiak: “Udalak, eskuz esku jardun behar du herri mugimendu, norbanako eta elkarteekin eta beraz, parte hartze kultura etengabe bultzatu behar dugu eta berau sustatu beharra daukagu. Baita ere, auzolana erregularizatu eta bide horretan sakondu beharra dago”.
Herriko Garapen sozio-ekonomikoa indartzea ere izango da EH Bilduren egitasmo garrantzitsuetako bat. “Eskualde mailan kokatzen dugu eta enplegua, bizi baldintza duin eta autonomoa bermatze aldera, eskubidea da eta beraz, herrian enplegua sortzen lagundu beharra daukagu. Lekeition bizi, lan egin, erosi eta bizi nahi dugu eta arrantzaren egoera hobetzeko ahaleginak egingo ditugu. Baita ere, turismo eredu jasangarria, soziala, urte osokoa, kalitatezkoa eta herriko kulturan errotua nahi dugu”.
Etxebizitza arazoari aurre egiteko, berriz, alokairua sustatu nahi dutela azaldu zuen Goitiak, eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea dituztela helburu. “Horretarako, edozein ekimen gauzatzerakoan kontutan izango ditugu jasangarritasuna, mantenimendu erraza eta gastu soziala. Azken hau gaur egungo krisi ekonomikoa pairatzen dutenen zerbitzura jarriko dugu”, esan zuen.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, auzokonposta gune berriak ezarri eta zaborren bilketa eredu berri batera joko dute, emakume eta gizonen berdintasunaren alde egingo dute, gazteria ahaldundu nahi dute, “balore parekideak eta askatzaileak oinarri dituena”, eta euskara dugu berezko hizkuntza.
Amaitzeko hezkuntza, nazio eraikuntza eta eraikuntza eta eraldaketa sozialerako oinarrizko zutabea izateaz gain herriko zein norbanako garapen integralerako ezinbesteko tresna da, eta kirola eta jarduera fisikoa, aisialdi aukera, osasun ohitura modura eta harremanetarako aukera legez sustatzea da gure eredua”.
Lekeitioko EH Bilduren herri programa.