Doktore tesia amaitu berri duten Saioa Elezgaraik, Unai Belaustegik eta Pello Ulaziak euren ikerketen berri eman zuten atzo [apirilak 20] Mutrikun egindako aurkezpenean. Hirurek euren lanen nondik norakoen eta emaitzen berri emateko aukera izan zuten jendaurrean.
Aurkezpenak interes handia piztu zuen herrian, eta Zabiel kultur etxeko aretoa jendez bete zen. Bakoitzak bere disziplinari buruz egindako lanaren berri emateko 20 minutuko tartea izan zuen, baina aurretik, Leyre Arrieta aurkezpeneko moderatzaileak era labur batean tesi bat zer den eta hori egiteak zer suposatzen duen azaldu zuen.

Argazkian, hiru tesien egileak eta aurkezpenaren moderatzailea. Ezkerretik eskumara, Elezgarai, Arrieta, Ulazia eta Belaustegi
Azalpenak ematen lehena Saioa Elezgarai izan zen. Biologia molekularrean eta biomedikuntzan doktore denak
Prioi errekonbinanteak entzefalopatia espongiformeak aztertzeko estrategia berritzaileak izenburua duen tesiari buruzko azalpenak eman zituen. Mutrikuarrak osasunaren arloan ekarpen interesgarria egin du; hain zuzen ere, gaixotasun neurodegeneratibo bat eragiten duen proteina bat aztertu du.
Elezgarairen atzetik, Historia garaikidean doktoretza duen Belaustegiren txanda izan zen.
Errepublikanismoa Gipuzkoan 1868-1923 tesia eta hari buruzko argitaratu berri duen liburua aurkeztu zituen, besteak beste.

Saioa Elezgarai azalpenak ematen
Tesiaren nondik norakoak, eman beharrekoa pausuak, landutako gaiak eta haren planteamendua azaldu eta gero, liburuaren atalak azaltzen hasi zen. Belaustegiren arabera, liburua bere ikerketaren zati bat besterik ez da. Falta den zatiarekin beste liburu bat kaleratzeko asmoa du.
Etorkizunean gehiago egiteko asmoa
Azkenik, Pello Ulazia Arte ederretako doktoreak Mutrikuko portuaren inguruko egindako proiektu alternatiboaren nondik norakoen berri eman zuen. Ulaziak planteatzen duena Txurrukak bere garaian egindako proiektuetako batean oinarritzen da. Aurkeztutako tesia, oso bisuala izan zen, maketaz josia.
Zabielera hurbildu ziren herritarrek hiru tesietan oso interesatua agertu ziren, eta galdera ugari egin zituzten. Etorkizunean, horrelako beste ekimen gehiago egin nahi dira Mutrikun; “herritarrek egiten dituzten ikerketak herrira zabaltzeko”.