Ekainaren 21ean Euskal Herriko hiruburuetan egingo den ekintza masiboa prestatzen hasita daude jada Lea-Artibain eta Mutrikun. Horren guztiaren harira, Joste Egunak egingo dituzte bertoko hainbat herritan; denak ere, jai giroan.
Gure Esku Dagok, hiriburuetan egingo diren ekitaldi nazionaletan, oihalen bidez hautestontzi erraldoiak irudikatu nahi ditu ekainaren 21ean. Aurretik, ordea, herrietan bada zer eginik: oihalak margotzea, mezuz betetzea eta elkarrekin jostea, alegia.
Gure Esku Dago dinamikako kideek ekitaldi ugari iragarri dituzte astebururako: oihalak elkarrekin josteaz gain, horiek mezuz bete eta margotzeko ordua izango da
Gure Esku Dago dinamikako kideek ekitaldi ugari iragarri dituzte astebururako: oihalak elkarrekin josteaz gain, horiek mezuez bete eta margotzeko ordua izango da. Zapatuan [apirilak 25], Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mutrikun eta domekan [apirilak 26], Etxebarrian, Ispasterren eta Mendexan horretarako aukera aproposa izango dute herritarrek.
Kalejira ugari oihalekin batera
Markina-Xemeinen egun osoko jai eguna egingo dute Markina-Xemeingo eta Ziortza-Bolibarko Gure Esku Dago kideen eskutik. Eguerdian hasi eta iluntzera arte, etenik izango ez duen Joste Eguna egingo dute. Erabakitze eskubidearen aldeko jaia triki-poteoarekin eta herri bazkariarekin hasiko dute.
Bapo bazkaldu ostean, oihalak josiko dituzte, eta hauek josten amaitzean «ekainaren 21ean Bilbon egingo denaren berotze ariketa» egingo dute: musikak alaituta oihalekin kalejiran irtengo dira.

Mutrikuko Gure Esku Dago dinamikako kideak zapatuan Mutrikun egingo den Joste Egunerako deia egiten
Mutrikun, bestalde, zapatua [apirilak 25] noiz ailegatuko zain daude. 800 atxikimendu lortzeko erronka ipini dute, eta irrikaz daude erronka beteko duten ala ez ikusteko. «42 oihal banatuta ditugu, baina horrek ez du esan nahi 840 atxikimendu ziurtatuta daudenik. Hori zapatuan ikusiko da».
Jaia orain arte tutoreen artean banatuta dituzten 42 oihal horiek Goiko Plazan batuta hasiko dute. Bertan parte hartuko dutenei Gure Esku Dagoko mahonezko zapiak lepoan jantzita etortzeko deia ere luzatu diete. Kalejira egin ondoren, Beheko Plazan oihalak eskegi eta eguerdira arteko jaiarekin jarraituko dute. «Erakusketa moduko bat egingo dugu, jendeak horiek ikusi eta besteengandik ikas dezan. Era berean, oraindik bere mezua laga ez duenak, oihal zatia erosi eta horretarako aukera ere izango du». Bien bitartean, marinelez jantzitako jostunek oihalak eskuz josten ibiliko dira.

Gure Esku Dagok Lekeition egindako Saretze Eguna. Argazkia: Goio Urkiaga
Lekeitiarren txanda, ordea, zapatu [apirilak 25] arratsaldean izango da. Plazako monolitoan batu eta iluntzera arte ez da girorik faltako Lekeition. Oihalak bete eta kalejira egingo dute. Horrez gain, musikariek girotuta arratsaldean pintxoak dastatu eta material berria erosteko aukera ere egongo da.
Ondarroan, beranduago
Etxebarritarrak domekan [apirilak 26] batuko dira egun osoko jaian. Eguerdian Plaza Barrin oihalak apaindu ostean, trikitipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar oihalak eskuetan dituztela. Bazkalostean ekingo diote oihalak josteari eta eguna bukatzeko, dantza saioa eta argazki erraldoia aterako dute.
Isparterren eta Mendexan, aldiz, eguerdi partean josiko dituzte oihalak herriko plazetan. Batean zein bestean, jai giro usainean ariko dira joste lanak egiten.
Bestalde, hasiera batean Ondarroan joste eguna zapatuan [apirilak 25] egitea iragarrita bazegoen ere, maiatzera atzeratzea erabaki dute dinamikako kideek.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI
- Zapatuan [apirilak 25], Lekeition
- 17:30. Plazako monilitoan oihalak bete eta josteaz gain, oihalekin kalejira, material salmenta, pintxo dastaketa eta musika egongo dira aukeran.
- Zapatuan [apirilak 25], Markina-Xemeinen
- 13:30. Arkupetik hasi eta GED txosna gunean, triki-poteoa.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Bazkalostean. Jolasak, karaokea eta beste hainbat ekimen.
- Ondoren. Oihal jostea. Amaitzean, oihalekin kalejira.
- 20:00. Erromeria.
- Zapatuan [apirilak 25], Mutrikun
- 12:30. Goiko Plazan, orain arte herritarren artean banatu diren oihal guztiak batzen hasiko dira.
- 13:00. Erraldoiekin eta oihalekin kalejira Beheko Plazara.
- 13:15. Beheko Plazan, oihalen erakusketa eta oihal jostea.
- Ondoren. Goizeko Izarra antzerki taldearen eskutik, esketxa.
- Amaitzeko. Garoa Arizmendirekin kantaldia.
- Domekan [apirilak 26], Etxebarrian
- 12:00. Oihalen apainketa.
- Ondoren. Herrian zehar, oihalekin batera trikipoteoa.
- 14:00. Norberak etxetik ekarritakoagaz, bazkaria.
- Bazkalostean. Oihalak jostea.
- Ondoren. Dantzak eta argazki erraldoia.
- Egun osoan. Oihalak eta bestelako materialaren salmenta puntu bat egongo da.
- Domekan [apirilak 26], Ispasterren
- 12:00. Plazan elkartu eta oihalak bete ostean, horiek denak josiko dituzte. Materiala salgai egongo da goiz osoan.
- Domekan [apirilak 26], Mendexan
- 12:30. Azken ekimenen aurkezpena.
- Ondoren. Oihalak josiko dira.